Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo erabaki ziren Guillermo Mazo Memorialeko edo Nafarroako Gazte Mailako lau t´erdiko finalerako txartelak. Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan jokatu ziren finalerdietan, hiru sakandar lehiatu ziren txartelaren bila: Arbizuko Ezkurdia (Aldabide), Etxarrengo Zabaleta (Irurtzun) eta Etxarri Aranazko Ansotegi (Irurtzun). Lehian aritu zen laugarrena Leitzako Jaunarena (Aurrera) izanen zen. Arbizuko Ezkurdiak Jaunarekin neurtu zituen indarrak lehen partiduan. Partida estua iragartzen zuten adituek, biak ere txapelketa paregabea egitetik baitzetozen. Batzuek leitzarra, iazko finalista, jotzen zuten faborito, baina sakandarren zorionerako, aurreikuspen horiek ez ziren bete: 18-8, Ezkurdia gailendu zen. Partidu bikainean, sakez 8 tanto eginda, bere alde jarri zuen markagailua arbizuarrak. Bigarren final-erdian bi sakandar lehiatu ziren, Etxarri Aranazko Jon Ansotegi eta Etxarrengo Zabaleta, biak ere Irurtzun taldekoak. Iazko finalista Ansotegi aurreratu zen markagailuan 6-14. Baina partidak aurrera egin ahala behetik gora egin zuen Zabaletak eta, azkenean, Etxarrengoa gailendu zen 18-15. Datorren asteazkenean, abenduaren 3an jokatuko da final handia, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ezkurdia edo Zabaleta, ezin jakin zein nagusituko den. Gauza ziur bakarra, txapela Sakanara etorriko dela. Bejondeiela!