SORTZEA

Guaixe 2008ko azaroaren 28a

Artista izan ala ez. Izatekotan (edo ez izatea erabakitzean), zergatik? Zertarako?Antropologo, Historialari, Soziologo, Semiotiko, Filosofo etab.ek Aurrehistorian eman ziren urratsetan bilatzen dituzte izakion inguruko hainbat galderaren erantzunak. Baina denek ikertzen  dute arlo berdin bat, garai guztietan: ARTEA. Honek sormen plastikoaren garrantzia islatu baino ez du egiten. Zergatik sortzen den edo zertarako erantzutea ezinezkoa da; ikerlariek milaka erantzun ezberdin ematen dituzte eta denek, antza, arrazoia izan lezakete. Argi dago  ekintza baten inguruko galdeketa egileari egin behar zaiola lehen. Beraz, etikoena, egiazkoena, baita zailena ere, gaur egun sormenean diharduten artistei galdetzea litzateke.. Baina orain, XIX. Mendera arte ez bezala, ez dago estilo edo korronte bakar bat. Milaka dira aukerak, mundu osoan barna hedatuak. Beraz, artearen esparrua bera mugatzea ere zaila da. Artearen Historiaren soka etenez josi da, sistema konplexu baten erantzule.  Egia ez da inoiz motza. Hala, artista bakoitzaren ibilbide osoari erreferentzia eginen dion informazio asko aurkituko dugu erantzun bakoitzean. Artearen edukia artelana bera da, eta garai ezberdinetan ekoiztua; beraz, ikuspegia (arrazoia edo erantzuna) aldatu eginen da izakia, denbora bezala, aldakorra delako. Baina esaldi motzak geratzen dira (memorian?) aztergai: ni artista naiz ,agian, beste ezer egiten ez dakidalako. Agian hori da, hainbat urte eman ondoren jarduera berean, estrategia jakin batekin, eta are gehiago, ospea lortuz gero, funtsezkoa egiten dela beste ezertan aritzea. Beste sortzaile batzuk artista izenari uko egiten diote eta  HOMO FAVER edo antzekoak erabiltzen dituzte. Beste askok erantzunik ez duten arren EGITEN jarraitzen dute, ekintzetan ikertzen.ARTISTA TRANPATIA DA, EHIZTARIA zioen Oteizak. Bera kasualitatez izan zela artista zioen, eskultura zer zen jakin zuen unean eskultore izateari utzi egin ziola. Eskultura utzi bazuen, hizkuntza bilakatu zuen tresneria berria, hustu, puskatu edo okupatzeko eta egiari tranpak jartzen jarraitu zuen.Orain arte topatu dudan erantzunik ausartena, edo interesgarriena, Louise Burgeoisena da: EGUNERO ZURE IRAGANA AHAZTU EDO ONARTU BEHAR DUZU. ONARTU EZIN BADUZU, ESKULTORE BILAKATUKO ZARA.Miren Ustarroz