Emakumeen kontrako indarkeriaren salaketa

Guaixe 2008ko azaroaren 26a

Asteartean bilkurak egin ziren Etxarri Aranatzen eta Altsasun, Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak taldeek deituta. Altsasun egin zen aurreneko bilkura eta 50 bat pertsona bildu ziren Eraso sexistarik ez! leloa zuen pankartaren atzean. Bilkuran parte hartu zutenen artean udaleko zinegotziak zeuden. Etxarri Aranazko plazan, ordu bat geroago, eta lelo berarekin bilkura egin zuten 40ren bat pertsonak. Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguneko bi elkarretaratzeen akaberan manifestua irakurri zuten antolatzaileek. Gaiaren inguruan hainbat galdera sortzen direla aipatu zituzten. Feministek luzatu zuten lehen galdera izan zen: "zer da gertatzen ari dena, edo zer da egiten ez dena, lehen baino emakumeen kontrako eraso eta hilketa gehiago izateko?" Lizarran desagertutako emakumearen kasua gogora ekarri zuten. Horren inguruan adierazi zute: "nahiz eta denek jakin zer den gertatu dena, legez, inork ezin du egilea seinalatu, ezta Mª Puy non dagoen jakin ere. Indarkeria hau desagertzen laguntzeko neurriak ote dira?". EskaerakErakunde eta politikoekin kritiko azaldu ziren bilkuren deitzaileek, "genero indarkeria jendartearen gaitz izugarria dela" esan arren, haienak hitz "hutsak" zirela nabarmendu zuten eta leporatu zieten "mota honetako biolentziarekin bukatzeko benetako neurririk ez hartzea". Emakumeek erasorik ez pairatzea eskatu zuten. Horrekin batera, eskatu zuten "arazo honi aurre egiteko erakunde guztiei neurri zehatzak hartzea, zein zerbitzu batzuk eskaintzea". Bukatzeko, emakumeak "askatasunez eta autonomiaz bizi izateko behar ditugun baliabide guztiak gure esku jar ditzatela" eskatu zuten.