Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteazkenean, Iruñean, prentsaurrekoa eman zuten Nafarroako ezker abertzaleko hainbat alkatek eta zinegotzik, tartean sakandarrak zirelarik. Hautetsiek agerraldian esan zutenez, "politika neoliberalak eta finantza-entitate garrantzitsuek sortutako krisia Nafarroako hiritarrok ordain dezagun nahi dute. Horretarako, oraindik gehiago mugatu nahi dute politika sozialaren inguruko udalen kudeaketa, hain beharrezkoa dena egoera honi aurre egiteko".Ezker abertzaleko hautetsiek nabarmendu zutenez gobernuak "tokiko erakundeei zuzendutako diru transferentzien partidetan %180ko murrizketa eginen du, 97 milioietatik 34ra igaroz; hau da, 63 milioi euro gutxiago tokiko erakundeentzat". Ezker abertzaletik azaldu zutenez 2009rako "tokiko entitateei zuzendutako partiden zenbaketa orokorra kontuan harturik, 46 milioi euro inguruko murrizketa planteatzen da". Aurtengoarekin alderatuz %20ko jaitsiera dela nabarmendu zuten, toki-entitateei gero eta gutxiago bideratzen zaiela azpimarratzearekin batera. Udal autonomiaEzker abertzaleko hautetsiek esan zutenez, toki-entitateek "bitartekoak behar dituzte gizartearen premiei aurre egin ahal izateko" eta egun "itoak" daudela azaldu zuten. Horregatik ezker abertzaleko kideek finantziazio eta eskuduntza arlotan neurriak hartzea proposatu zuten. Hala, toki-entitateen finantziazio eredua aldatzea proposatu zuten, "udalei bere politika eta inbertsioak erabakitzeko aukera emateko". Horrekin batera "gune orokor egonkorra" sortzea proposatu zuten "udalen finantziaziotik beregaina eta Nafarroako Gobernuaren zergetan parte hartuko duten tokiko entitateekin". Gainera, Nafarroako Gobernuak jasotzen duenaren %25a toki-erakundeei bideratzea eskatu zuten, baita udalen mesedetan eskuduntzak deszentralizatzea ere.