Burundarrak, Batzarramendira!

Guaixe 2008ko azaroaren 28a

Azaroan zortzi mende bete dira Nafarroako errege Antso VII.ak, Azkarrak, Burunda ibarrari foruak eman zizkiola. Gaztelak Nafarroako erresumaren mendebaldea konkistatu eta gero muga bihurtu zen Sakana eta populazioari eutsi ahal izateko Laguardiari eman zion foru bera eman zion Burundari erregeak. Efemeridea gogoan, Burundako 6 udalek, Bakaikuk, Iturmendik, Urdiainek, Altsasuk, Olatzagutiak eta Ziordiak, hitzaldi zikloa antolatu dute. Atzo despeditu zen hitzaldi sorta horren bidez, Burundak forua jaso zuen garaian nolakoa zen azaldu nahi zen. Ekitaldiak bihar eguerdian izanen den ekitaldi nagusiarekin osatuko da. BatzarramendiraLarunbatean, 11:00etan daude hitzorduak jarrita. Burunda ekialdeko 3 herriak Urdiaingo plazatik eta Burunda mendebaldeko 3 herriak Altsasuko suhiltzaileen parkearen parean dagoen aparkalekutik abiatuko dira Batzarramendirantz, oinez eta txistulariak lagun dituztela. Alkateak aginte makilarekin joanen dira. Haiekin batera, Laguardiako alkatea ere joanen da, Ziordiko Udalaren gonbitea jaso baitu. Behin Batzarramendin bildu eta gero topaketaren berri jasoko duen akta irakurriko da. Horren ondoren Burundako alkateek ospakizunaren harira prestatutako manifestua irakurriko dute. Nafarroako Gobernuko orddezkariek ere hitza hartuko dute eta, ondoren, 800. urteurrena oroitaraziko duen monolitoa mustuko da. Aurreskua ere dantzatuko da. Ekitaldiaren ondoren auzatea izanen da eta txistularien saioa ere. Udalek herritarrak ekitaldian parte hartzera gonbidatu dituzte. Pentsatzekoa da batek baino gehiagok ekitaldira Antso VII.aren ikurra, arrano beltza, duen zapia eramanen duela.