Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Abesbatzen Konfederakundeak (COACE) astebururako prestakuntza tailerra prestatu du Altsasun. Aurrekoetan bezala, abeslariak Altsasuko Otadiko Kristo Deuna aterpean bilduko dira. Errioxa, Burgos, Murtzia eta Hego Euskal Herriko 35 bat abeslarik parte hartuko dute asteburuko tailerrean. Abeslariek bi irakasle izanen dituzte tailerrean: Igor Ijurra Fernandez zuzendari etxarriarra eta Izaskun Arruabarrena errenteriarra. Azken horrek abeslariei ahots teknika hobetzeko aholkuak emanen dizkie. Hori bakarkako saioetan izanen da. Abeslariak elkarrekin ere ariko dira tailerrean. Igorrekin errenazimentuko, barrokoko, Hego Amerikako edota Euskal Herriko kantuak landuko dituzte larunbatean eta domekan. KontzertuaIgorrek azaldu digunez estreinako aldia du estatu mailako tailer bat ematen duena, "orain arte Nafarroakoak eman ditut, eta hau aukera ederra da". Azaldu digunez asteburuan ikasi eta landutakoarekin kontzertua eskainiko dute, igandean, 20:00etan, Altsasuko elizan. Igorrek gehitu duenez "publikoarendako kontzertu polita izanen da. Gehiena a capella abestuko dugu. Baina Handelen bi piezetan Orgi ganbera orkestra iruindarraren laguntza izanen dugu, Diana Yerro piano-jole dela". Igorrek argitu digunez "kontserbatorioko 20 bat ikaslek osatutako orkestra gaztea da" tailerreko abeslariekin batera Altsasuko elizan ariko dena.