Sakanako neskak txapeldunordeak

Guaixe 2008ko abenduaren 10a

Bi jardunaldi jokatuta Lesakako Beti Gaztekoak ziren lehenak, Sakanako neskak bigarrenak eta Amaiur eta Txantrea hirugarrenak eta laugarrenak. Bada, azken jardunaldian ere antzeko maila eman zuten taldeek eta ez zen aldaketarik izan. Talde guztiak elkarren kontra lehiatu ziren, eta Sakanak talde guztiei irabazi zien, Lesakako Beti Gazteri izan ezik; lesakarren kontra berdindu egin zuten. Beti Gaztek gainontzeko lehia guztiak irabazi zituenez, eta aurretik puntu gehiago pilatuta zituenez, Lesakako taldea izan zen txapelduna, eta Sakana txapeldunordea. Atzean sailkatu ziren Amaiur eta Txantrea. Aipatzekoa da Txantreako neskak ezin izan zutela azken jardunaldian parte hartu.Nolanahi ere, Sakanako taldea pozik dago egindako lanarekin. "Beti Gazte eta gu pareko ibili gara txapelketan. Eurek irabazi dute baina soilik puntu bateko diferentziarekin. Pena pixka bat dugu baina gustura ibili gara txapelketan eta horrekin geratzen gara" adierazi du Sakana taldeko Nerea Lizarragak. Hurrengo erronka, Euskal Herriko txapelaLarunbatean, abenduaren 13a,n hasiko da Euskal Herriko 4x4 Sokatira Txapelketa Arabako Legutianon, 17:00etatik aurrera. Neskak 250 kilotan lehiatuko dira, lau tiralariz osatutako taldetan. Guztira zortzi talde ariko dira: Lesakako Beti Gazte (2 talde), Amaiur (2 talde), Berriozar, Badaiotz, Girizia eta Sakana. Bi jardunaldiko ligaxka jokatuko da - larunbatean Legutianon eta abenduaren 20an Igeldon - , eta talde guztiak elkarren kontra ariko dira bi jardunaldietan. Puntu gehiago pilatzen dituen taldea izango da txapelduna. Sakanako neskek oraindik ez dakite zein tiralariekin osatuko duten taldea. "250 kilotik ezin gara pasa eta taldea osatzeko aukera ezberdinak aztertu beharko ditugu. Ahalik eta talde egokiena aurkezten saiatuko gara" dio Nerea Lizarraga tiralariak. Lauko txapelketak zortzikoak baino esplosiboagoak dira, potentzia gehiago lantzen da. Ea sakandarrak zer moduz moldatzen diren.