Nafarroa Oinezek ipuin bilduma eta ipuinak kontatzeko karta jokoa aurkeztu ditu

Guaixe 2008ko abenduaren 9a

Durangoko Azokan, larunbatean, aurkeztu zuen Nafarroa Oinezek ipuinen inguruan sortutako uzta: Argiñe maskotan inspiratutako ipuin bilduma batetik, eta ipuinak kontatzeko karta jokoa, bestetik. Haiek aurkezteko hainbat idazle eta marrazkilari izan ziren Durangon. Bide batez, Nafarroako mugetatik kanpo heldu den urteko ikastolen festaren ezaugarri nagusiak azaldu zituzten. Ipuin bildumaArgiñe maskotari bestelako dimentsioa emateko bereziki idatziak izan dira bildumako ipuinak. Lau liburu dira, launa idazle eta ilustratzaileren sormenaren fruitu direnak. Argiñe maskotan inspiratuta, Mariasun Landa haur eta gazte literaturako idazle ezagunak Ipurtargiak paradisuan izenburuko ipuina idatzi zuen. Kontakizunari irudiak Kale lakuntzarrak jarri dizkio. Berak adierazi zuenez "ohore handia izan da halako idazle baten ipuina irudikatzea". Hala bere lehen lana izan da eta "aberasgarritzat" jo zuen esperientzia. Xabier Agurruzaren eskutik sortu da Argiñe ipurtargi ttipia ipuina. Bere ipuinaren mamian dago "herri txiki eta zapaldu guztiek ederki eta larrutik dakigula batzuetan txikia izatea zer gogor eta mingarria den; baina, alde eta aldi berean, ilunbeak baizik ikusten ez baditugu ere, argia gara elkarrendako eta munduko gainontzeko herri guztiendako ere". Ipuinari irudiak RenderizARTE enpresako irudigile Joseba Salaberri eta Urko Mauduit irurtzundarrak egin dituzte. Hiru dimentsioko irudiak landu dituzte ipuinerako, Argiñeri "animazioa" emanez. Andra Mari ikastolako irakasle den Adur Goikoetxeak Argiñe argiaren bila izeneko ipuina idatzi du. Adurrek aurkezpenean azaldu zuenez ipuinean "argitasun eta iluntasunaren ideiarekin jokatu nahi izan dut. Bertan, umeek euskaraz alai eta jator egiten dutenean, ipurtargiek ere gozo zabaltzen dute euren argia. Alderantziz ere, ipurtargiek erabat itzaltzen dira umeek euskaldun direla ahazten dutenean". Adurren ipuinari Manola Arregi altsasuarrak jarri dizkio irudiak. "MarrOinez"-a izanda ere, marrazkilaria aukeragatik "eskertuta" azaldu zen, "testu bati irudiak atera baitizkiot eta hori niretako erronka zen. Nire marrazkiak argitaratuak izan direla ikusteak asko poztu nau". Nafarrroako ikastolen festako koordinatzaile Eneka Maizek idatzia da bilduma osatzen duen azken ipuina, Handitasuna. Enekak azaldu zuenez, "pertsonaren handitasuna zertan zen pentsatzean, hizkuntzaren aniztasuna eta hizkuntza beraiek zirela otu zitzaidan". Gai hori ardatz hartuta "haurrei erraz kontatzeko moduan" idatzi zuen ipuina Enekak, "haurrei helarazteko zeinen inportanteak diren gizakiarentzat hizkuntzak". Alfredo Graziak ilustratu du ipuina. Argiñe ipurtargiarekin batera beste zenbait animali ere irudikatu ditu. Lanean "gustura" aritu dela azaldu du irudigile altsasuarrak. Hartz hiztunaAipatutako lau ipuinak, ikastetxeko guraso den Jaxone Mendiolaren beste batekin batera, grabatu egin dituzte. Nafarroa Oinezko web orrian MP3 formatuan jarri dituzte eta handik deskargatu ahalko dira, gero Nabar hartz hiztunak konta ditzan. Karta jokoaNafarroa Oinezek karta-sorta berezia argitaratu du. Pertsonaiak, lekuak, tresnak eta bestelako edukiak dituzte kartek eta haien bidez jokalariek ipuin bat sortu behar dute. Karta jokoa sormena lantzeko eta hizkuntza garatzeko helburua dauka. Aukera ematen du istorioak antzezteko ere.