Kultur arteko olinpiadak, aurtengoz, kitto

Guaixe 2008ko abenduaren 9a

Azaroaren 23an despeditu ziren Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak antolatutako kultur arteko olinpiadak. Egun hartan Bakaikuko pilotalekuak olinpiada berezi horien bigarren finala hartu zuen. Aranatz aldeko 99 neska-mutikok parte hartu zuten bigarren fase horretan. Munduko jolas, kirol, dantza eta abarren bidez hainbat proba pasa behar izan zituzten taldeek eskualdeko azken saiorako txartela eskuratzeko. Finalean onenak Bakaiku eta Lakuntza taldeak izan ziren. Sari gisa parte-hartzaileek goxoki poltsa, domina eta Iruñeko izotz-pistan ibiltzeko txartel bana jaso zituzten. Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak haurren artean kulturen arteko harremanak sustatzeko udazkenean egin duen kanpainaren balorazio "oso baikorra" egin dute. Horretarako kontuan hartu dituzte parte-hartzea (195 partaide olinpiadetan, ipuin kontalarietan ehundik gora ikus-entzule eta antzerki saioan 105 ikusle) baita helburuen betetzea, "maila altua" izan duena.