Aspaldiko langabetu kopuru altuenera iritsi gara azaroan

Guaixe 2008ko abenduaren 10a

Urteak ziren Altsasuko enplegu bulegoan halako langabe kopuruak izena emana zuena. Azaro akaberan 669 ziren lan bila zeuden sakandarrak, aurreko hilean baino %11,5 gehiago. Bestela esanda, 69 sakandar gehiago zeuden lan bila azaro bukaera. Urte hasierarekin alderatuz gero 122 sakandar gehiago dabiltza enplegu zerrendan izena emanda. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak jakitera eman duenez Altsasuko bulegoan izena eman dutenetatik 405 emakumeak dira eta gainontzeko 264ak gizonak. Langabetuen adinei dagokienez, haietako 109 25 urte baino gutxiago dituzte (gizonak 67 eta emakumeak 42). 25 urtetik gorako langabetuak 560 dira (emakumeak 363 eta gizonak 197). 13 gazte gehiago dira eta 56 adineko gehiago. SektorekaZerbitzuen sektorean lan egin nahiko lukete langabetu sakandar gehienek, 371ek, aurreko hilean baino 30 gehiagok. Industrian lanean aritzeko prestutasuna 192k langabetuk azaldu dute, aurreko hilean baino 30 gehiagok. Eraikuntzan aritzeko 51 langabetu daude prest, 9 gehiago. Azkenik, abeltzaintza arloan jardungo liratekeen kopuruak batean egin du gora eta 18ra iritsi da. Bestalde, aurretik lan egin ez duten eta lan bila dabiltzanen kopuruak pertsona batean egin du behera, 37 pertsonatan geldituz. Nafarroa Azaro akaberan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren zerrendetan lan eske zeuden pertsonak 30.168 ziren, aurreko hilabetean baino 2.782 gehiago. Hau da, langabezia Nafarroan hilabete batean %10,16 hazi da. Sexuari dagokionez, lan bila daudenetatik 15.720 emakumeak dira eta gainontzeko 14.448 gizonezkoak.