Euskalgintzak BECera joateko deia egin du

Guaixe 2008ko abenduaren 12a

Bihar, Barakaldoko BEC-en, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ekitaldia deitu du eta euskalgintzatik hara joateko deia zabaldu dute. Larunbatean, "euskarak duen oreka hauskorra" irudikatuko du Kontseiluak Barakaldoko ekitaldian eta Bai Euskarari lelotik Euskaraz Bai lelorako urratsa eginen du. Barakaldora joateko autobusak antolatu dituzte Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Hala ere, ekitaldira sartu nahi duenak ezinbestekoa du sarrera eskuratzea. Horretarako, www.nierebanoa.com web orrira jo daitekete. Edo, bestela, Barakaldon bertan, ekitaldia sartu aurretik eskura litezke. EuskaraKontseilua sortu eta hamar urte bete direnean ospatuko da BECeko ekitaldia. XXI. mendearen hasieran euskarak bizi duen egoeraren aurrean, Kontseiluak honakoa adierazi du. Lehenengo eta behin, "egindako lanari esker euskal herritarren gehiengo zabalaren jarrera euskararen aldekoa da. Baina euskararen garapena nahi baino mantsoago ari da gertatzen". Horrekin batera, Kontseiluak nabarmendu du euskaldunen kopurua handitu bada ere, "handitze hori ez da izan euskararen normalizazioa bermatzeko adinakoa". Euskaren erabilerari ere erreparatu dio Kontseiluak eta "hazkundea gertatu den arren, egoera normalizatuak izango lukeen erabilera mailaren azpitik" gaudela  ondorioztatu du. Baita "euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea ez dagoela bermatuta". Aurrera begiraAurreratutakoa kontuan izan eta normalizaziora iristeko bidea falta dela gogoan hartuta, oinarrizko ildo hauek jarraituko ditugu etorkizunera begira "euskararen berreskurapen-prozesua azkartzea ezinbestekoa" dela azpimarratu nahi du Kontseiluak. Aldi berean, euskalgintzatik "funtzio sozial guztiak euskaraz garatzeko aukera lehenbailehen lortzea ezinbestekotzat" jo dute. Bide batez "euskara lehentasuneko hizkuntza izatea lortu beharra" azpimarratu du Kontseiluak. Horretarako "lan politiko-instituzionala eta lan soziala bideratu behar dira, biak ere norabide berean".