Sakanako Herri Kirol jaialdia hartuko du Irurtzunek

Guaixe 2008ko abenduaren 12a

Ohi duenez, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Herri Kirol jaialdia antolatu du urte amaierarekin batera. Datorren igandean izanen da Irurtzungo pilotalekuan. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, herri kirolaz gozatzeko parada izanen dute bertara gerturatzen diren guztiek. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak kirol modalitate hau pizteko egindako ahaleginari eta bailaran dagoen zaletasunari esker, kirolari handien harrobi bihurtu da Sakana. Horren adierazle igandean Irurtzunen bilduko diren kirolari guztiak. Aizkolariek emanen diote hasiera erakustaldiari. Sakanako Eskolako 14 aizkolari ariko dira zein baino zein. Haien atzetik, Sakanako eskolako 4 harri-jasotzailek ekinen diote lanari. Jaialdia despeditzeko, sokatira tiraldi ederrak eskainiko dituzte Sakanako eta Lesakako taldeek. Aurreko urtetan bezala, giro aparta espero dute antolatzaileek. Lanean ederki berotu ondoren, mahaiaren inguruan berreskuratuko dituzte indarrak kirolari guztiek.