Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abian dago Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa-Eusko Label Sari Nagusia. Txapelketa bi mailatan jokatuko da, gazteen mailan eta urrezko mailan. Gazteen mailan sei bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta. A multzoan, esaterako, Sakanako Aizkora Eskolan aritzen den Arkaitz Jauregi aizkolari arabarra ariko da. Honek Jon Rodriguezekin osatuko du bikotea. Bestalde, B multzoan, biko sakandarra izango dugu, Ibai Gorriti uhartearrak eta Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak osatutakoa. Eta urrezko mailan 7 biko ariko dira, bi multzotan banatuta. B multzoan, Floren Nazabal etxarriarrak Ugaitz Mugerzarekin osatuko du bikoa. Bitako batek txapelketan barna huts egiten badu, Fausto Mugerza izanen dute ordezkoa. Hasieran ligaxka jokatuko da multzo bakoitzaren barruan, eta biko onenek eginen dute aurrera.Bada, abuztuaren 14an, igandean, Donezteben, gazte mailan, Ander Erasun eta Julen Kañamares izanen dituzte arerio Ibai Gorriti uhartearrak eta Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak. Bost lan egin beharko dituzte: aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra kolpeka moztu; aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra moztu, erlojuaren kontra; 36 ontzako enborra zutik moztu eta 45 ontzakoa etzanda ebaki; 60 ontzako enborra txanda librean azkarrago nork moztu; eta 45 ontzako bi enbor eta bi kana erdiko moztea. Ea biko sakandarrak nola hasten duen txapelketa. Bestalde, Floren Nazabal eta Ugaitz Mugerza abenduaren 20an sartuko dira lehian, Mutrikun, Jose Mari Olasagastiren eta Luis Txapartegiren kontra.