Oparitu euskara

Guaixe 2008ko abenduaren 16a

Aurreko urteetan bezala, eguberrien aurretik, kalean da Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria. Makina bat erreferentzia biltzen dira katalogo horretan, beti ere, euskarazkoak. Eguberriak seme-alabei edota ingurukoei opariak egiteko garaia izaten da. Haiek aukeratzeko garaian "lagungarria" izatea da Euskarazko Produktuen Katalogoaren zeregina. Katalogoak, bai paperezko edizioan bai interneten, zortzi atal ditu: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Nagusiki aurten kaleratu diren 300dik gora produktu berri jaso dira katalogoan. Gainera, zenbait ataletan, adinaren araberako banaketa dakar, aukeraketa errazteko. Sakanako Mankomunitateak, Hego Euskal Herriko hainbat erakunderekin elkarlanean,  publikatu du katalogoa eta bere bidez lortu nahi dutena da "haur eta gaztetxoak euskaraz jolasteko, ikasteko, irakurtzeko edo gozatzeko aukera" izan dezatela. Horretarako, guraso eta helduen artean eskaintza ezagutarazten du katalogoak. Bide batez, "merkatua dinamizatu eta indartu" egiten da.