2008ko Sakanako kirolari onenak sarituak

Guaixe 2008ko abenduaren 15a

Lakuntzako Tximonena jatetxean bapo afaldu ondoren Sakanako Mankomunitateko Kirol Batzordeko buru Ruben Goñik, kirol teknikari Nerea Martinezek eta Lakuntzako Udaleko zinegotzi Imanol Azpirozek 2008ko Sakanako kirolari onenak saritu zituzten. Aurten aipatu sarien 16. edizioa izan da eta ohiko moduan, Sakanako kirol elkarte, klub eta norbanakoek proposatuta egin da kirolari onenen aukeraketa. Sarituak 48 urteko Ander Unzurrunzaga mendi korrikalariak 35 urtetik gorako gizonezkoen saria jaso zuen. Denboraldi bikaina egin du etxarriarrak, beteranoen Euskadiko Kopa irabazi baitu, Camille Extreme, Aloña igoera, Azpeitiako maratoi erdia, Atxondoko Sorgiñen Lasterketa eta Olatzagutia Urbasa probak beterano mailan irabaztearekin batera. Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuan laugarren izan zen. 35 urteko gorako emakumezkoen saria Tatu Larrazarendako izan zen. Saskibaloi izarra izan zen gaztetan, eta ondoren taekwondo, eskubaloia, txirrindularitza eta atletismoan murgildu izan da. 18 eta 35 urteko gizonezkoen kirolari onena saria 19 urteko Odei Iturriotz pilotari urdiaindarrak jaso zuen. Denboraldi ona egin du gazteak, besteak beste Santo Kristo de Otadiako Txapelketako irabazle izan baita, Espainiako eskuz banakako txapeldunordea eta Europako kluben arteko txapeldunordea izateaz gain. Kategoria horretan ez zen emakumezkorik proposatu, hortaz, saria eman gabe geratu zen.18 urtez azpian, Sara Galbete eta Aitor Mozo izan ziren sarituak. 14 urteko neska olaztiarra igeriketa, triatloian eta soinketa erritmikoan aritzen da, eta 15 urteko mutil lakuntzarra triatloian, atletismoan eta igeriketan. Bestalde, talde onenaren saria nesken areto futboleko senior mailan aritzen den Arbizuko Aldabide taldeak jaso zuen, eta euskara gehien bulkatzen duen taldearen saria, Etxarri Aranatzen eta Altsasun eskolak ematen dituen Txui Xoo elkartearendako izan zen. Bukatzeko, aipamen berezia jaso zuen Jose Ignazio Reparaz korrikalari arbizuarrak. Kirol Zerbitzuko batzordeko buru Ruben Goñik azpimarratu zuen kirol ezberdinak saritu direla, batzuk tradizionalagoak - pilota, atletismoa, etab. - eta beste batzuk ezezagunagoak, yoseikan budo arte martziala, tarteko, eta saritutako kirolari batzuk proba ofizialetan lehiatzen direla, eta beste batzuk herri probetan. Goñi pozik azaldu zen saritutako kirolari gazteak kirol bat baino gehiago praktikatu izanagatik. "Sakanako Mankomunitatetik argi dugu adin txikienen artean multikirola bultzatu nahi dugula. Horretarako programa bat lantzeko asmoa dugu, ikastetxe eta kirol klubekin batera" adierazi zuen. Bestalde, saritutakoak kontentu eta eskertuta azaldu ziren eurekin gogoratu izanagatik.