Sakanako neskak Euskal Herriko Lauko txapelketan bosgarrenak

Guaixe 2008ko abenduaren 15a

Legutioko kiroldegiak Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketa hartu zuen larunbatean. Emakumezkoetan ondoko taldeak lehiatu ziren, 250 kilotan: Badaiotz (Gasteiz), Girizia (Oiartzun), Beti Gazte A eta Beti Gazte B (Lesaka), Amaiur, Sakana eta Berriozar. Aipatzekoa da hasieran zortzi talde aritzekoak zirela, Badaiotzek bi talde aurkezteko asmoa baitzuen, baina azkenean talde bakarra prestatu zuen. Hain zuzen ere aipatu Gasteizko taldea izan zen onena (7 puntu), saioko tiraldi guztiak irabazi baitzituen. Txapelketa irabazteko faborito nagusia da Badaiotz, eta hala erakutsi zuen. Girizia bigarren sailkatu zen (6 puntu), soilik Badaiotzen kontrako tiraldia galdu eta gero. Hirugarrena Beti Gazte A izan zen (4,5 puntu), laugarrena Amaiur (4,5 puntu) eta bosgarrena Sakana (2,5 puntu). Atzetik sailkatu ziren Beti Gazte B (2,5 puntu) eta Berriozar (puntu bat). Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketako bigarren eta azken jardunaldia larunbatean jokatuko da, abenduaren 20an, Gipuzkoako Igeldon, 17:00etatik aurrera. Nahiz eta zaila izan, ea Sakanako neskek puntuak pilatu eta sailkapenean aurrera egiten duten.