Gorriti eta Nagore Imarkoainen txapeldun

Guaixe 2008ko abenduaren 15a

Larunbatean Frontisek prestatutako I.Aluminios Iza-Termimax torneoko finalak jokatu ziren Imarkoainen, binaka eta banaka, lau t´erdian, pilotalekua beteta eta giroa paregabea zela. Binakako finalean, Bengoetxea VII.ak eta Jon Gorriti uhartearrak 22-16 irabazi zieten Amantegiri eta Zabalari. Atzeko koadroetan Jon Gorriti izan zen jaun eta jabe, eta hortaz, Bengoetxea VII.ak erremate bikainak egiteko aukera izan zuen. Egia esan, Bengoetxea VII.a eta Gorriti arerioak baino gehiago izan ziren. Lau t´erdiko finala, aldiz, Jorge Nagore irurtzundarrarendako izan zen, 22-14 hartu baitzuen menpean Antxia. Iruñeko Hiria Irekian Antxia nagusitu zitzaion Nagoreri, eta hortaz, errebantxa bikaina hartu zuen larunbatean irurtzundarrak. Hasieratik erritmo bizia jarri zuen Nagorek, eta Antxiak asko sufritu zuen haren erasoei erantzuteko. Merezimendu osoz nagusitu zen irurtzundarra.