Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregional mailako bi talde sakandarrek partida garrantzitsuak zituzten asteburuan. Altsasuk sailkapen nagusian parez pare zuen Ondalanen zelaia bisitatu zuen. Etxarriarrek, berriz, liderraren aurka neurtu zituzten indarrak. Biek ezin hobe egin zuten haien lana eta Sakanara ekarri zituzten 6 puntuak. Entretenigarria izan zen Altsasu eta Ondalanen arteko partida, lehen zatia batez ere. Jokaldi ederrekin gozatzeko aukera izan zuten Villatuertan bildu zirenek. Etxekoek, ordea, nahi baino gol gehiago jaso zituzten. Altsasuko Medinak ireki zuen markagailua 23. minutuan. 10 minutu iraun zuen altsasuarren pozak: 34. minutuan bana berdindu baitzuten etxekoek. Atsedenaldia bertan zela, 38. minutuan, haize eman zien Lizarragak altsasuarrei, 1-2koarekin. Bigarren zatian ere nagusi izan ziren altsasuarrak. 60. minutuan gol berria sartu zuen Palomaresek, 1-3koa. Partida amaitzeko 5 minuturen faltan, penalti jaurtiketan, partida erabaki zuen Palomaresek, 1-4koarekin. Gazte Berriak taldearen zelaian aritu ziren Etxarriko jokalariak. Partidaren lehen zatian agerian geratu zen liderraren maila: jokaldi eder eta landuen erakustaldia egin zuten. Behin eta berriz mehatxu zituzten etxarriarrak, baina baloiak zurtoinera joan ziren. Nahasiagoa izan zen bigarren zatia. Nahaspila horren erdian, etxekoen hutsaz baliatuta, 0-1ekoa sartu zuen Sergiok 65. minutuan. Hortik aurrera aldeari eustera mugatu ziren Etxarrikoak. Baita lortu ere. 3 punturekin atera ziren liderraren zelaitik. Sailkapen nagusiaren gorenean jarraitzen du Gazte Berriak taldeak 28 punturekin. 21 puntura berdinduta daude Sakanako bi taldeak, 5. postuan Etxarri eta 6.ean Altsasu. Datorren jardunaldian 17 punturekin, atzetik duen taldea hartuko du etxean Altsasuk: Ardoi. Etxarrik, berriz, 16 punturekin 8. postuan dagoen El Cerco taldearen zelaia bisitatuko du. Jardunaldi honekin despedituko dute lehen itzulia.