Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko San Donato ikastetxe publikoko pilotalekuak Sakanako Areto Futboleko I. Nazioarteko txapelketako 3. jardunaldia hartu zuen joan zen igandean. Sei talde ari dira lehian Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak antolatutako txapelketan, nesken hiru talde eta gizonezkoen beste hiru, denak ere herrialde ezberdinetako jokalariez osatuta. Gizonezkoen txapelketan, partida borrokatua jokatu zuten Club RIF (Sakana eta Maroko) eta Mundu hontakuek (Sakana, Bulgaria, Senegal eta Maroko) taldeek. Bederatzina berdindu ostean, penaltitara erabaki zen partida: 1-2 nagusitu ziren azkenak. Finala, sariak eta auzateaEmozioz beteriko hiru jardunaldiren ondoren, datorren igandean jokatuko dira final handiak. Gizonezkoek emanen diote hasiera jardunaldi erabakigarriari. 11:00etan hasita, Los Pumas eta Mundu hontakuek lehiatuko dira zein baino zein. Emakumeen txanda izanen da ondoren. 12:00etan, Lurtarrak eta Etxarrikuek ariko dira txapelaren bila. Irabazleak erabakita, 13:30 aldera ekinen diote sari banaketa ekitaldiari, Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiria bertan dela. Partaide guztiek kamisetak eta dominak jasoko dituzte, eta irabazleek, aldiz, kopa bana. Bukatzeko auzatea izango da bildutako guztiendako.