Gorka Aldabe bederatzigarrena Espainiako Ehiza Txapelketan

Guaixe 2008ko abenduaren 17a

Larunbatean Espainiako Ehiza Txapelketa jokatu zen Kantabriako Sajako Erretserban. Guztira Estatu osoko 40 ehiztari lehiatu ziren, tartean hiru nafar: Nafarroako ehiza txapeldun Gorka Aldabe lakuntzarra, Altsasun erroldatuta dagoen Ramon Azkarate txapeldunordea, eta Espainiako egungo txapeldun Juan Mari Esain zubiriarra, seitan txapelduna izan dena. Ehiztariek hiru oilagor ehizatu behar zituzten, eta gerta litezkeen berdinketak hausteko, besteak beste, botatako tiroak kontatu eta beste hainbat baldintza bete behar zituzten. Goizeko 9:00etatik hasita 14:00ak arteko epea zuten lana egiteko. Eguraldi nahasiarekin jokatu zen proba, 2 gradu eskasekin eta elur bustia ari zuela. Aurreikusten zen bezala, Juan Mari Esain faboritoak irabazi zuen txapelketa, Kety txakurrarekin, zazpigarrenez. Hiru oilagor ehizatu zituen, soilik hiru tirorekin, eta 12:00etarako despeditu zuen lana. Gorka Aldabe bere txakur Brenda setter ingelesarekin lehiatu zen eta bederatzigarren postuan despeditu zuen txapelketa. Oilagor bat hartu zuen, hiru tiro botata. Azkaratek ez zuen lortu oilagorrik ehizatzerik. Gorka Aldabek txapelketaren nondik norakoak ezagutzen zituen, bospasei aldiz epaile lana egin baitu, baina txapelketa aurretik ere zailtasun ugari ikusten zituen, eta ez zuen oso gustuko Sajako eremua. "Toki txarra da hura, oso eremu handia baina ia dena larreak, ez baso itxia, hemen bezala. Oso zuhaitz gutxi zeuden, tarteka pinu batzuk. Ez nintzen fin ibili, goizeko 11:00etan ehizatu nuen lehen oilagorra, hiru tiro botata, baina ordubiak bitarterako tartean ez nuen gehiagorik ehizatu. Nolanahi ere, esperientzia ona eta polita izan da" adierazi du ehiztari lakuntzarrak. Aipatzekoa da ere beste bi lakuntzar aritu zirela Espainiako Ehiza Txapelketan lanean, Ander Razkin eta Oihan Alegria, kasu honetan epaile lanak egiten.