Sakanako Herri Kirol Jardunaldi bikaina

Guaixe 2008ko abenduaren 17a

Abendua helduta eta urtero moduan, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako Herri Kirol Jardunaldia antolatu zuen aurten. Igandean izan zen ekitaldia, Irurtzungo kiroldegian, eta Sakanako kirolariez gain, gertukoak aritu ziren lanean. Lanean aritu ziren aizkolarien artean Sakanako Aizkora Eskolakoek ez zuten huts egin, lehen mailan aritzen direnekin batera. Ondokoak aritu ziren: Manolo, Jaime eta Iker Gorriti (Uharte Arakil), Juanjo Erdozia Ulaiar (Etxarri Aranatz), Juanjo Erdozia Mauleon (Etxarri Aranatz), Floren Nazabal (Etxarri Aranatz), Goizeder Beltza (Etxarri Aranatz), Aritz Goñi "Katxo" (Etxarri Aranatz), Juanjo Lopez de Azpilikueta (Lezaun), David Amillano (Altsasu), Jose Ignazio Flores (Ziordia), Arkaitz Jauregi (Leze), Ruben Saralegi eta Manolo Kañamares. Ondoren harri-jasotzaileen txanda heldu zen, eta Sakanako harri-jasotze eskolako kideek, Mikel Lasarte monitoreak barne, erakusketa itzela eman zuten. Lasarte bera, Xavier Igoa, Simon O´Calahan eta Aitor Oiarbide etxarriarra aritu ziren harriak jasotzen. Bukatzeko, sokatira erakustaldia ederra eman zuten Sakana sokatira taldeko neskek Berriozar taldearen kontra. Festa eguna era egokian despeditzeko partaide guztiak, 40 kide inguru, Pikuxarren bildu ziren, bazkari ederrean.