Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Etxarri Aranazko Larrañeta elkarteak itxura berezia zuen joan zen larunbatean. Elkarteko mahai gainetan ohiko plater eta jaki goxoen lekuan xakeko taulak ageri ziren. Zaldi Beltza xake taldea zen horren erantzule, VIII. Sakanako Xake Txapelketa antolatua baitzuen larunbaterako. Heldu nahiz gazte, Nafarroa osoko 40 xakelarik bat egin zuten Sakanako taldearen deiarekin. Sakanakoekin batera Iruñetik etorri ziren jokalari gehienak. "Urteak daramatzagu txapelketa hau antolatzen eta dagoeneko ezaguna dute Iruñekoek" adierazi zuen Zaldi Beltza xake taldeko Jose Miguel Mauleonek "gustura etortzen dira eta haiek gustura etorri bitartean, guk ere gustura antolatzen jarraituko dugu". Egun osoko txapelketaGoizetik 9:30ean eman zioten hasiera txapelketari. Jokalariek 20 minutuko 8 txanda egin zituzten elkarren aurka. Gosaria eta bazkaltzeko tarteak utzita, arratsaldeko 18:00ak arte luzatu zen txapelketa. Sariak banatzeko ordu iritsi zen. Helduen mailan, Alfonso Cenborain nagusitu zen. Haren atzetik sailkatu zen Iñaki Sasiain. 3.a Javier Sevilla izan zen. 14 urtez beherakoei dagokienez, Mikel Ortega izan zen onena. Azpimarragarria da bere balentria, 9 urte baino ez baititu. Haren atzetik sailkatu zen Aimar Ieregi sakandarra. 3. postuan Iban Ros sailkatu zen. Sakandarren artean, Koldo Flores izan zen onena. Haren atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Jose Andres Cerro eta Manex Intsausti.