Igandean Mendigoizale eguna Aralarren

Guaixe 2008ko abenduaren 19a

Abenduaren 21ean, igandean, Nafarroako Mendigoizaleen Eguna hartuko du Aralarrek, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak deituta. Aurten, festaren 43. edizioa izanen da eta oraingoan antolakuntzaz Oberena mendi taldea arduratuko da. Ohikoa denez, Nafarroako mendi klub guztietako mendizaleek lepo jarriko dute Aralarko santutegia. Asko Uharte Arakilgo bidetik joanen dira, beste batzuk Lizarrustitik, Madotzetik joango direnak ere izanen dira, Lekunberri aldetik... eta abar. Sakanako Mendizaleak taldeak  8:30ean jarri du hitzordua Lakuntzatik abiatzeko. Meza eta auzateaEgunari 11:45ean emango zaio hasiera mezarekin. Nahi duten mendizaleek euren mendi materiala aldarean jartzeko aukera izanen dute, Mikel Gartziandia apaizak bedeinka dezan, eta mendizaleek kandela baten eskaintza eginen diote santutegiari. Jakina, Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izango da. Mezaren ostean, 12:15an, Aralarrera hurbildutakoek bapo gosaltzeko aukera izanen dute. Giro paregabea izaten da egun horretan, eta Aralarreko santutegira igotzeak pena merezi du. Aipatzekoa da 12:30ean igandeetako ohiko meza elizkizuna izanen dela Aralarren, Aralarko Mikel Larranbebere kaperauak gidatutakoa. Iaz ez bezala, aurten Aralarko santutegiko taberna eta jatetxea zabalik egongo da. Beraz, ez dago aitzakiarik bertara igotzeko.