Aurreko ostegunean Etxarri Aranazko kultur etxeak Bai Euskarari Ziurtagirien banaketa hartu zuen. Sakanako 60 enpresa, saltoki, erakunde eta bestelako entitateek lortu dute ziurtagiria. Haietatik lauk zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzen dute. Bederatzi entitatek zerbitzua euskaraz ematen dute eta gainontzeko 47 entitate sakandarrak euskararen normalizazio bidean daude. Ekitaldian Bai Euskarari Ziurtagiriak banatzen dituen elkarteko zuzendari Rober Gutierrez izan zen. Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak esan zuenez banatutako ziurtagiri kopurua, 60, "kopurua garrantzitsua da". Azpimarratu zuenez, kopurua baino garrantzitsuagoa da "atzetik dagoen lana: urtez urte ematen dituzuen urratsak, lortzen dituzuen helburuak eta zuen konpromisoaren bitartez egunerokoan eragiten duzuena". Rober Gutierrezek ziurtagiria lortu duten entitateek egiten ari dien aldaketak ere zerrendatu zituen: euskara ikasi, errotuluak euskaratu, webguneetan euskara erabili, bezeroak euskaraz hartu, komunikazio publikoetan euskaraz hitz egin, euskaraz dauden programa informatikoak erabili, hornitzaileei euskaraz lan egiteko eskatu, produktuen etiketak euskaratu eta abar.EuskalgintzaSakanako euskalgintzaren izenean Mikel Goldarazenak hartu zuen hitza. Euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen jarraitzeko beharra azpimarratu zuen. Mikelek adierazi zuenez, "bakoitzak bere alorrean eta dagokion erantzukizunarekin eman behar ditu urratsak gure hizkuntza berreskuratzeko eta sustatzeko. Eta guztiok esaten dudanean, norbanakoez, entitateez, euskararen alorrean lan egiten dugunoz, (euskalgintzaz alegia), eta nola ez, administrazio publikoaz ari naiz". Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko ordezkari Zigor Etxeburuak, berriz, gogorarazi zuen euskara "denona dela eta euskararen aldeko lana ere bai", eta beraz, eskualdeko enpresa, saltoki eta era guztietako entitateak euskararen alde lan egitera animatu zituen. ZiurtagiriakBai Euskarari Ziurtagiria euskararen aldeko neurri zehatzak hartzen dituzten entitateak identifikatu eta kreditatzen dituen erreminta da. Zortzi urteko ibilbidea du. Gaur egun Nafarroan 377 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute Ziurtagiria. Euskal Herrian, aldiz, 1.550 entitate dira. Hartutako konpromisoaren arabera entitateek hiru ziurtagirietako bat jasotzen dute: Bidean; Zerbitzua Euskaraz eta Zerbitzua eta lana euskaraz. Ziurtagiriaren Elkartetik azaldu dutenez "arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da ziurtagiria; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena".