Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak jakitera eman duenez, heldu den urtean Nafarroa iparraldean ezin izanen da amuarrainik arrantzatu. Aurten indarrean sartu den debekuarekin aurrera egitea erabaki du, beraz, departamenduak. Neurri hori amuarrain populazioa handitzeko hartu zen eta departamentutik azaldu dutenez, "azaroan egindako neurketan populazioa %14 igo da. Horrek hartutako neurriaren egokitasuna azpimarratzen du". Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak, hala ere, aitortu du "oraindik ere Nafarroako iparraldean amuarrainaren egoera eskasa dela". Hori izan da debekualdia luzatzeko arrazoia. Bestalde, "inolako arriskurik hartu nahi ez izatea" izan da arrazoia heriotzarik gabeko amuarrainaren arrantza ez baimentzeko. Hori bai, departamendutik aurreratu dutenez, karramarro seinaledunaren populazioa hazi egin da eta hura arrantzatzeko baimendutako tokien zerrenda zabalduko dute.