Nafarroako Gazte Kontseiluak larunbatean egindako batzarrean zuzendaritza berritu zuen. Orain arte lehendakari izandako Iosu Royo Garcia irurtzundarrak berriro aurkeztu zuen bere hautagaitza, baina kargu horretarako David Chivite Perez aukeratu zuten, Burlatako Zagalez elkarteko kide denak. Kontseiluko lehendakari berriak 53 boz jaso zituen eta Iosuk 24. Irurtzundarrak bi urte eta gero kargua utzi du. Larunbatean bertan, Nafarroako Gazte Kontseiluko Batzorde Iraunkorreko bost kide ere aukeratu zituzten. Postu horiek betetzeko zortzi hautagai zeuden, horien artean Edurne Beltza Igoa etxarriarra, Berriozarko Lantxotegi elkartearen ordezkari gisa aurkeztu zena. Gazte etxarriarrak ez zuen nahikoa babesik jaso batzordekide izateko. Bitartean, batzorde horretan beste urte batez lanean jarraituko du Iosu Anduaga etxarriarrak. KezkaIosu Royok esan digunez larunbateko batzarra eta gero "aldaketa sakona eman da kontseiluan. Oraingo honek eskuin aldera joko du, sartu diren taldeetako ordezkariak (UGT gazteak, CCOO gazteak, Skaut katolikoak eta eliza kontserbadorearen inguruko taldeak) joera horretakoak direlako". Irurtzundarrak pena adierazi zuen kontseilua zuzentzen duen Batzorde Iraunkorrean "euskaldun bakarra gelditzen delako". Iosuk ere esan digu aldaketarekin orain arte kontseiluak landu dituen zenbait egitasmo zalantzan egon daitezkeela. Horren adibide gisa jarri du Gozamenez programa edota kontsumo arduratsuaren eta emantzipazioari buruzko lan ildoak. Azken bi horiek lantzen dituzten teknikariei ez omen diete kontratua berrituko. Azkenik, Orritzeko ordezkariak hainbat komunikabideetan agertutako adierazpenekin kexu azaldu da, batez ere, batzarra eta gero kontseilua "orientazio politikoetatik" aldendu dela esan dutenekin. Iosu ez dago ados adierazpen horrekin "lehen halakorik balego orain ere badagoelako".