Praktika Juridikoko Ikastaro diploma jaso dute bi abokatuk

Guaixe 2008ko abenduaren 16a

Aurreko ostiralean egin zen ekitaldian diploma jaso zuten Praktika Juridikoko Ikastaro Orokorra egin duten ikasleek. Hamazortzi ziren eta guztiak ere zuzenbidean lizentziatuak dira, haietako asko, gainera, abokatu gisa ari dira lanean. Hala ari dira aurrekoan diploma jaso zuten bi sakandarrak: Ekaiko Alicia Irurzun Goikoetxea eta Altsasuko Eduardo Galan Motino. Azken honek azaldu digunez "karrera bukatu ondoren lizentziatua zara, baina jurisdikzio guztiak eramatea zaila da. Ikastaroak jurisdikzio guztietan aritzeko aukera eman digu eta, baita, haietako batzuetan espezialtzeko ere". Aurrera begira ikastaroak "ateak zabaltzeko" balioko duela azaldu digu Eduardok. Esan digunez, diplomarekin batera beste titulu bat ere eskuratu dute, aurrerantzean ezinbestekoa izanen dena ofizio txandan aritzeko. IkastaroaDiploma eskuratzeko aurreko hamalau hilabeteak ikasten aritu dira, 800 ordu guztira. Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria den Javier Caballero Martínez izan dute irakasle. Ikastaroak prestakuntza teorikoa eta praktika juridikoa jorratzeko modua eman die ikasleei. Hala, egiazko kasuak landu, idazkiak idatzi eta epaiketak simulatu dituzte. Horrez gain, diplomatu berriak egiazko epaiketetara joan dira, eta txandak egin dituzte atxilotuendako laguntzan, aholkularitza juridikoko zerbitzuetan, emakumeei laguntza emateko zerbitzuetan eta espetxeko aholkularitza juridikoan."Estanislao de Aranzadi" Praktika Juridikoko Eskolak antolatu du ikastaroa, zuzenbidean lizentziadun direnek abokatu lanbidean prestatzeko xedez. Haiena XI. promozioa izan da. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Iruñeko Abokatuen Elkargoak eta Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak parte hartzen duten fundazio batek zuzentzen du.