Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken 30 urteetan santutegiko azpiegituretan egin diren lan garrantzitsuenak despeditu dira: elektrizitate azpiegitura berritu, saneamendua, depuradora eta beste berritu, solidoak biltzeko biltegi berria egin eta hainbat azpiegitura errebisatu. Milioi bat euroko aurrekontua dute lanek.Duela lau aste zabaldu zituen ateak Aralarko santutegiko tabernak, denbora luzez itxita egon ondoren, santutegiko azpiegitura nagusietan lan handiak egiten ziren bitartean. Izan ere, urteen poderioz zaharkituta geratu ziren hainbat azpiegitura, arazo ugari sortuaz, eta konponketa puntualak egin beharrean, guztia goitik behera errebisatzea erabaki zuten santutegiko arduradunek. Hala, iazko abenduan taberna itxi eta aipatu lanak hasi ziren. Alde batetik, elektrizitate azpiegitura guztia berritu dute, oso zaharkitua zegoelako. Elektrizitateko hartune guztia izan da berritu dutena, transformadoretik santutegiko eraikin guztira doana. Gainera, arketa guztiak berritu dituzte eta kablea guztia lur azpitik sartu dute, ia metro bateko sakonerara, santutegiko atzealdean lur azpian dagoen transformadorea behar bezala txukundu dute, eta ostatuan ere argi hartuneak jarri dituzte. Saneamenduko lan potoloaBaina, akaso, lan handiena saneamenduan egindakoa izan da. Ur zikinak jasotzeko lau oxidazio putzu zeuden santutegian, eta ura garbitzeko depuradora bat. Guztia berritu dute, eta baita lur azpitik zihoazen hodiak goitik behera errebisatu eta gaizki zeudenak berritu ere. Baina Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskatuta, beste lan inportantea egin behar izan dute: solidoak biltzeko biltegi berri bat egitea. Horrela, egun, hondakin urak lehenik eta behin solidoak biltzeko biltegira doaz, handik oxidazio putzuetara eta, azkenean, araztegira, urak garbi-garbi atereaz. Beraz, arazte prozesu osoa egokitu da eta mendira isurtzen dena garbi ateratzen da. Bestalde, tabernako sukalde azpian koipe banatzailea deritzona jartzea eskatu zuten konfederaziokoek. "Ebroko Konfederaziotik argi esan ziguten San Migelek 300 biztanleetako herri batek behar dituen azpiegitura berdinak behar dituela, horrek suposatzen duen kostu izugarriarekin, mendi puntan goian bakarrik dagoelako. Horregatik, beharrezko baimenak emateko instalazio osatu eta konplikatuagoak egitea eskatu ziguten. Horrek lan guztien aurrekontua izugarri igo du, baina lan hauek egitea beharrezkoa zen eta burutu behar izan ditugu" azaldu du Aralarko kaperau eta Uharte Arakilgo apaiza den Mikel Larrambeberek. Milioi bat euroko aurrekontuaIzan ere, San Migelen egin diren lan guztiek -- - aipatutako guztiak eta jantoki berria egitea- - milioi bat euroko aurrekontua izan dute. "Azpiegituren aldetik azken 30 urtetan egin diren lanik inportanteenak dira. Ebroko konfederazioak eskatutako lan batzuk ez zeuden aurreikusita eta horrek izugarri igo du aurrekontua. Gainera, sotoan zeuden makina, biltegiak eta guzti berritu dira, berogailuak jarri eta abar. Urtebetez obren jarraipena egiten egon naiz eta gastatu dena ongi gastatu dela esateko moduan nago" dio Larrambeberek. Aipatu digu obrak finantzatzeko mailegua eskatu behar izan dutela eta Artzapezpikuak mailegua abalatu duela gaineratu du. Jantoki berri ederra, eta taberna zabalikEgun, tabernara sartu eta jangela dago, lehengo aterpea zena; jantoki hau gurutzatuz tabernara heltzen da. Baina jantokirako espazio gehiago behar zela jakitun, garai bateko ostatuko egongela zena jantoki eder bihurtzeko lanak egin dituzte. Oraindik apaingarriak jartzea falta da, baina jantokia prest dago. Bestalde, aipatzekoa da duela lau aste zabaldu zuela santutegiko taberna Uharte Arakilgo Zubieta-Sesma familiak. Neguan asteburutan eta jaiegunetan izanen dute zabalik: eguraldiak onera egiten duenean, egunero irekiko dute. Beraz, santutegiko kafetegian zerbait hartu eta gosaltzeko zein bazkaltzeko aukera badago. Ur sarea, etorkizunerakoUr sarea momentuz ongi dago, baina etorkizunean ur sareei errepasoa eman beharko zaiela azaldu du Mikel Larrambeberek. Artxuetan, Ezeztan, bi ur biltegi daude, lur azpian. Elektrizitatez dabilen ponpa batek ura, lur azpian dauden hodien bitartez, santutegi azpiko biltegira eramaten du. Ur depuradora santutegian bertan dago eta uraren depurazioa eta klorazioa egiten du. "Artxuetan haizeak gogor jotzen du eta instalazioak asko kaltetzen ditu. Aurreragorako utziko dugu lana, momentuz ongi baitago" dio kaperauak. Oztopo arkitektonikoak kentzea helburuUharte Arakilgo Udala herriaren ordenazioa nola egin aztertzen ari da, eta ordenazio horrek San Migel inguruak hartzen ditu, eremu horiek Uharte Arakilgoak baitira. Ildo horretan, santutegiaren ingurua nola txukundu dezaketen ari dira aztertzen Uharte Arakilen. "Oztopo arkitektonikoak ezabatzeko interes handia dugu, eta Uharte Arakilgo udaleko arkitektoaren esku utzi dugu gaia, ordenazioa aztertzen ari baitira. Gure nahia litzateke udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera koordinatzea da, Ongizate Departamentuarekin, aipatu lanak aurrera ateratzeko" azaldu du Aralarko kaperauak. Mikel Larrambeberek esan digunez, berriki santutegiko elizan beste lan bat egin dute. Izan ere, hezetasun handia sartzen zen elizaren iparraldeko aldetik, Artxueta paretik haizeak gogor jotzen baitu. Vianako Printzea erakundearekin jarri ziren harremanetan, aipatu erakundearen baimenik gabe ezin baita elizan obrarik egin. "Zubillaga enpresako langileak bidali zizkigun Vianako Printzeak. 3-4 astez lanean egon dira eta iparraldeko aldean, elizaren kanpoaldean, harri tarteak garbitu dituzte eta masa berria jarri. Bestalde, kondentsazio arazo handia zegoen elizan, eta probatze aldera leiho guztietako alabastroetan zulotxoak egin dituzte, hezetasuna bertatik ateratzeko, eta ea nola dabilen. Arazoa urte batzuetarako behintzat konpondu digute Vianako Printzekoak" azaldu digu Larranbeberek.