Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Ezker Abertzaleak Izan garelako. Garelako. Izango garelako... Independentzia! dinamika jarri du martxan. Haren bidez "Nafarroak bizi duen salbuespen egoeraren berri nafar jendarteari" eman nahi dio ezker abertzaleak, "salaketa burutzen den aldi berean".Ezker abertzaleak dioenez, "hilabete gogorrak bizi ditugu Nafarroan, aldaketa politikoaren atarian gauden honetan". Herrialdean izan diren atxiloketak gogora ekarri ondoren, ezker abertzaleak ziurtatu duenez "herri honen etorkizunari ateak parez pare irekiko dizkion eskenatoki demokratikoa dute jo mugan. Aldaketa norabide zehatz batean eman ez dadin indar egiten ari da Espainiar Estatua". Aldi berean, ezker abertzaleak nabarmendu du "Euskal Herriaren aldeko lana egunez egun egitea delitu bilakatu nahi" dutela. Ezker abertzaleak adierazi duenez, "inposaketaren etorkizunaren gainetik, bide berriak eraiki eta belaunaldi berrientzako gatazka politikoa konpondu, hori da hain zuzen ere Estatu Espainiarrak saihestu nahi duena". Horregatik, datozen asteetan garatuko dituen ekimen ezberdinetan parte hartzera deitu du ezker abertzaleak. Ostiral arratsaldean, esaterako, udaletxeen aurrean kontzentratzera deitu du. Aurretik, ikastetxeetan paroak deitu dituzte eta lantokietan informazioa banatu dute.