Dinesconeko enplegu erregulazio espedienteak aurrera egin du

Guaixe 2008ko abenduaren 23a

Ziordiko lantegiak urtearekin batera itxiko ditu ateak eta produkzioa enpresak Barasoainen duen lantegira eramanen dute. Hala adostu zuten ostiralean lantegiko zuzendaritzak eta enpresa batzordeko zati batek, hau da, UGT, CCOO eta ELArekin aurkeztu ziren bina ordezkarik. Akordioaren aurka azaldu dira ELAko bi ordezkari eta LABeko bakarra. Akordioak 98 langilerengan du eragina. Haietatik 25 kalera doaz. Lortutako akordioaren arabera Barasoainera doazen langileek aurreneko hiru urtetan 800 euro jasoko dituzte. Horretaz gain, enpresak garraioa eta bazkaria ordainduko dizkie. Orba ibarreko lantegira joatea 33 langilek erabaki dute, lantegiko 18 eta bulegoko 15. Bestalde, enplegu erregulazioaren espedientearen onarpenak 25 langile (ekoizpeneko 22 eta bulegoetako 3) kaleratzea ekarriko du. Haiek enpresan lan egindako urte bakoitzeko 35 egunei dagokien dirua jasoko dute. Bestalde, bulegoan ari diren bi pertsonek baja eskatu dute.ELAren kritikaELA sindikatua ohar baten bidez Dinesconen onartutako akordioaren kontra azaldu da. ELAk esan duenez "hasieratik defendatu dugu Ziordiko langile guztiek dutela Barasoainera joateko eskubidea". Horregatik lortutako akordioaren kontra azaldu da "25 kideri lanpostua mantentzea eragozten dielako". Aldi berean, enpresaren kontra jo du sindikatuak: "denon ahaleginaren kontura aberastutako enpresa batek orain eskaera jaitsi denaren aitzakiarekin 25 langile kanporatzea ez dugu onartzen". Enplegu erregulazio espedientea posible egin duten ELAko bi ordezkarien kontra gogor jo du sindikatuak "25 kideren kaleratzearen prezioarekin tratuan sartzeagatik eta espedientea sinatzeagatik". ELAk jakinarazi duenez "bi ordezkari horiei enpresa batzordeko kide gisa dimisioa emateko eskatu diegu, hauteskundeetara ELAren hautagaitzan aurkeztu zirelako eta sindikatuaren esanei ez dietelako kasurik egin. Negoziatzen hasi zirenetik kanporatze espedientea zabaldu zaie". ELA sindikatuak bere oharrean dioenez: "bi delegatu horiek, enpresa batzordeko beste sigla batzuetako delegatuen modura, taldearen onuraren alde baino haien interes pertsonalen alde egin dute". UGTren erantzunaOhar baten bidez UGTk ELAri erantzun dio. Sindikatu sozialistak oharrean jakinarazi du "ELA eta LABen eskariz hainbat batzar egin dira, langileek haien iritzia emateko eta guztietan langileek lekualdaketari eta kaleratzeei konponbidea bilatzen saiatzeko eskatu diote enpresa batzordeari". Batzordeak kaleratutako langileendako kalte ordaina jasotzen duen proposamena onartu zuela gogora ekarri eta gero, UGTk gogora ekarri du enplegu erregulazio espedientea langileek bozketa sekretuan berretsi zutela (38 alde, 4 kontra eta 2 baliogabe). UGTk ELAri demagogia egitea leporatu dio. Sindikatu sozialistak azaldu du, besteak beste, "ELAri ahaztu egin zitzaiola aipatzea kanporatutako langile batek berak ere ez duela 7.500 euro baino gutxiago jasoko, adostutako kalte-ordaina kopuru horretara iristen ez denean". Azkenik, UGTk "guztiz ukatu du" ELAk enpresa batzordeko gainontzeko kideei "prebendak jasotzearen akusazioa. Erabat faltsua da eta sindikatu horrek koherentea izateko gaitasuna ezkutatu nahi du horrela".LABen irakurketaOhar baten bidez LAB sindikatuak gogora ekarri du enpresak apirilean "ekoizpenaren berregituratze bat zela eta Barasoinera mugitzeko asmoa azaldu zuenean LAB izan zen lekualdaketa honen aurka azaldu eta Ziordiko lanpostuen defentsan mobilizatu zen bakarra". LABek gogora ekarri du orduan behin behineko kontratuak eten zirela eta enpresa batzordeko gainontzeko sindikatuek "lekualdaketaren baldintzak negoziatzen hasi" zirela. Abenduan ere LABek "borrokarako eskaintza" egin duela azpimarratu du. UGT-ri eta CCOO-ri leporatu die "patronalaren bidelagun onak" izatea eta "25 langileen kaleratzea" negoziatzea, "patronalarekin konfrontazioa ekidinez eta espedientea sinatuz". Bestalde, sindikatuak salatu duenez "enpresak egungo egoera ekonomikoa  erabili du lekualdaketa  bat egiteko". LAB-ek "lanpostuen defentsan daukagun konpromisoa berretsi" du eta "lanpostuen galerak eta langileon eskubideen aurka egiten dituzten jarrerak salatu" nahi ditu.