Aralar, Mendigoizaleen bilgune

Guaixe 2008ko abenduaren 22a

Euskal Herriko mendizaleendako toki berezi eta mitikoa da San Migel. Ildo horretan, mila mendigoizale pasa bildu ziren atzo Aralarko San Migel Santutegian, Nafarroako 43. Mendigoizaleen Eguna ospatzeko. Mendi klub bakoitzak irteera gune ezberdina aukeratu zuen - Uharte Arakil, Madotz, Baraibar, Sakanako Mendizaleak Lakuntzatik... - , baina guztiek helmuga bera zuten: San Migel. Eguraldia, gainera, eguzkitsua, ederra eta bikaina zegoen, ibilbiderako propio, eta goialdean elurra zen nagusi, txikienen gozamenerako. Eguerdirako beteta zeuden duela gutxi zabaldutako San Migel taberna eta San Migelgo ostatua zeneko beheko egoitza, mendizaleen auzatea bertan izan baitzen. Nafarroako Mendi federazioak antolatzen du Mendigoizaleen eguna. Juan Mari Feliuk azaldu zuenez, 1964an hiru mendizalek galdu zuten bizia, eta hurrengo urtean Mendigoizaleen eguna antolatzea erabaki zen, oroimen jardunaldia izateko eta mendigoizaleen anaitasuna bulkatzeko. Feliuk gogoan izan zuen 56 urtez Aralarko kaperau izandako Inozentzio Aierbe, mendizale izateaz gain babes eta laguntza osoa eman zielako mendizaleei. 11:45ean hasi zen mendigoizaleen meza, Mikel Gartziandia apaizak emandakoa. "Hau zuen etxea da" nabarmendu zien apaizak mendizaleei. Mendizaleek kandela eskaini zioten santutegiari, eta ohikoa denez elizkizunean barna mendizaleek aldarean utzitako mendi materiala bedeinkatu zen, Mikel Goiaingeruari kantatu eta musu emateaz gain. Ondoren guztiak auzatean bildu ziren. Aurten Oberena taldeari egokitu zitzaion guztia prestatzea, eta 20 kilo inguru gazta eta hesteki banatu zituzten, 100 ardo botila eta ogiarekin batera. Trikitilarien doinuek giroa berotu zuten eta aspaldidaniko lagunekin biltzeko aukera paregabea eskaini zuen egunak. Egun Nafarroako Mendi Federazioak 6.000 lizentzia inguru ditu. Federazioko presidente Txema Iriarterendako, Nafarroako mendizaletasunaren elkargunea da Mendigoizaleen eguna, eta balorazio positiboa egin zuen.