Los Pumas eta Etxarrikuek gailendu ziren Nazioarteko Areto Futbol Txapelketan

Guaixe 2008ko abenduaren 22a

Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak antolatutako Sakanako Areto Futboleko I. Nazioarteko txapelketak jardunaldi erabakigarria izan zuten atzo: finala. Txapelketako talderik onenen arteko lehiak ikusmira sortu zuen eta Etxarri Aranazko San Donato ikastetxeko pilotalekua leporaino bete zen. Jokalarien artean bezala, harmailetan ere herrialde ezberdinetako ikusleak ageri ziren. Giro bikainarekin agurtu zuten txapelketa. Emozioa pil-pileanGizonezkoen lehiak ireki zituen finalak, goizeko 11:00etan. Los Pumas (Ekuador eta Sakana) eta Mundu hontakuek (Sakana, Bulgaria, Senegal eta Maroko) atera ziren kantxara. Atezainak izan ziren eguneko protagonistak; eskuin nahiz ezker, bi taldeetakoek ere gogotik egin behar izan zuten lan eta azken emaitzarako erabakigarriak izan ziren. Azpimarratzekoa da Los Pumas-eko atezainaren lana. Bera izan zen taldeko izarra. Maila batean haren lanari esker, 5-1 gailendu zen Los Pumas taldea. 12:00ak aldera hasi zen nesken arteko lehia. Lurtarrak eta Etxarrikuek atera ziren txapelaren bila. Partida osoan parez pare ibili ziren bi taldeak. Horrela, 2nako berdinketarekin iritsi ziren amaierara. Penaltietara Etxarrikuek nagusitu ziren. Sariak denendakoFinalak amaituta, sariak banatzeko unea iritsi zen. Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak banatu zituen sariak. Inor ez zen esku hutsik geratu: txapelketan parte hartu duten mutilen 3 taldeetako eta nesken 3 taldeetako kideek zegozkien domina eta kamiseta bana jaso zituzten. Horrez gain, merezitako saria jaso zuten irabazleek: Nazioarteko Txapelketako irabazle izendatzen zituen kopa. Ikusleen txalo zaparradaren artean kopa goren gorenera igota despeditu zen sari banaketa.