Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Erregional mailako bi talde sakandarrek 13. jardunaldia izan dute asteburuan, lehen itzuliko azkena. Emaitza ona lortu zuten etxarriarrek etxetik kanpo eta 3 puntuak ekarri zituzten. Altsasuarrak, berriz, nahi baina okerrago aritu ziren eta puntu bakarra lortu zuten. 3 partidu irabaztetik zetorren Altsasuko taldea. Dantzalekura bueltan, emaitza ona espero zen asteburuan ere, baina ez zuten partidu ona jokatu. Partidu latza jokatu zuten bi taldeek, falta askorekin. Bisitariak aurreratu ziren markagailuan, 20. minutuan. Altsasuk zuen guztia eman zuen atsedenera arte eta 32. minutuan 1-1ekoa sartu zuen Davidek. Bigarren zatian ez zen futbolik ikusi. Gehiago merezi gabe, 1na berdindu zuten bi taldeek. Etxarriko taldeak Artaxorako bidea hartu zuen larunbatean. Parez pare ibili ziren bi taldeak partidaren hasieran, Artaxoako atezaina lekuz kanpo zegoela probestuz, Julenen golarekin Etxarrikoak aurreratu ziren arte. Zelai erditik golaren bila abiatu ziren etxekoak, baina etxarriarrek ongi zaintzen zuten eremu hori. Atsedenaldira joan aurretik, sakandarren bigarren gola sartu zuen Koldok. Bigarren zatian, epaileak Koldo kaleratu eta gero, aukera onak izan zituen El Cerko taldeak, baina, haren ordez, Etxarriko Luisek sartu zuen gola. 0-3 amaitu zen norgehiagoka. Sailkapen nagusiaren gorenean jarraitzen du Gazte Berriak taldeak 31 punturekin. Denboraldi hasiera borobila egin ondoren, 3. postuan agurtuko du lehen itzulia Etxarriko taldeak, 24 punturekin. Altsasu 7.a da 19 punturekin. Bi asteko atsedenaldiaren ondoren, ilbeltzaren bigarren asteburuan itzuliko dira lanera. Bigarren itzuliko lehen partidan, Etxarri Aranatzek 14 punturekin 9. postuan dagoen Castillo de Tiebasen zelaia bisitatuko du. Altsasuk, berriz, 12 punturekin 12. postuan dagoen Idoiarekin neurtuko ditu indarrak etxetik kanpo.