Sakanakoak, Lauko Euskal Herriko txapelketan laugarrenak

Guaixe 2008ko abenduaren 23a

Larunbatean despeditu zen Lauko Euskadiko Sokatira Txapelketa Igeldon. Emakumezkoetan, 250 kilokoan, zazpi talde lehiatu ziren Igeldoko bigarren eta azken jardunaldian. Badaiotz arabarrek erabateko nagusitasuna erakutsi zuten eta urrezko domina kolkoratu zuten, txapelketako tiraldi guztiak irabazita. Igeldon hasiera hasieratik nagusitu zen Gasteizko Badaiotz. Sei kontrarioak menpean hartu zituen, erraztasun handiz, jokoan zeuden 7 puntuak eskuratuz. Bigarrena Oiartzungo Girizia izan zen, Badaiotz izan ezik, gainerako bost aurkariak gaindituta eta egindako lanaren fruitu 6 puntu lortuaz. Amaiurrek bi txanda irabazi eta beste bi berdindu zituen, Sakanako neskak bezala, eta bi taldeek 4,5 puntu lortu zituzten. Sakanako neskek lehen jardunaldian baino hobe aritu ziren. Sailkapen orokorra kontuan hartuta, Badaiotzek jantzi zuen urrea, 14 punturekin. Txapeldunordea Girizia izan zen (12 puntu) eta hirugarrena Amaiur, 9 punturekin. Laugarrenak sailkatu dira Sakanako neskak (7 puntu), bosgarrenak Beti Gazte Akoak (6,5 puntu), seigarrenak Beti Gazte Bkoak (5,5 puntu) eta zazpigarrenak Berriozarrekoak (2 puntu). Lan duina eginda, laugarrenak dira gureak.