Olentzero menditik herrietara

Guaixe 2008ko abenduaren 24a

Irurtzun       18:30ean iritsiko da ikazkina Irurtzungo Plazaolako zubira. Han izanen da Orritz dantza taldea harrera egiteko prest. Ondoren, Iskidiko joaldunei jarraiki, herrian sartuko da Olentzero. Iratxo elkartearen atean gutunak irakurri, eta kalejiran zeharkatuko dute herria. Gaita, txistu, trikitixa eta akordeoi doinu alaiak eta abesbatzako ahots goxoak lagun izanen dituzte bidean. Herrian barna nahiko abestu eta dantzatu ondoren, plazan agurtuko dute Olentzero, dantza eskolako haurren dantzaldiarekin. Dantzan berotu ez denak gaztaina erreak jateko aukera izanen du. EtxeberriAurreko larunbatean etorri zen ikazkina Arakilgo herrira. Etxeberriarrekin batera, Iruñetik ere hainbat lagun etorri zen. Iluntzean ikazkina agurtu eta gero bere etxea ikustera eraman zuten. Ondoren, Herri Erdi elkartean bildu ziren guztiak. Olentzerok handi eta txikien gutunak jaso zituen, baita opariak banatu ere. Mendira esku hutsik ez bueltatzeko arkume bat eta ardi bat oparitu zioten Olentzerori. Hura joan eta gero, afari merienda egin zuten gazta eta txistorrarekin. Etxarren 16:30-17:00ak aldera iritsiko da ikazkina Etxarrenera. Oparien pisuaren araberakoa izanen da ordua. Izan ere, gurdia opariz gainezka duela sartuko da Olentzero herrian. Herritarrak lagun dituela, ikazkinak herriko kaleak zeharkatuko ditu. Pilotalekuan amaituko du ibilbidea. Bertan, irrikaz zain izanen ditu herriko txiki eta handiak, Olentzeroren oparia jasotzeko prest. Bertan diren guztien gozamenerako, txokolate goxo-goxoa ere prest egonen da. Satrustegi eta Hiriberri Eguzkiaren azken izpiekin batera iritsiko da Olentzero Satrustegira, 18:00ak aldera. Bertan, satrustegiarrak ez ezik, hiriberritarrak ere zain izanen ditu. Doinu alaien erritmoan, guztiek Hiriberrirako bidea hartuko dute Olentzeroren gurdiaren atzetik. Hiriberriko kaleetatik elkarterako bidea hartuko dute. Indarrak berreskuratu eta gero, bertan agurtuko dute Olentzero. IhabarAndia mendia egun batez utzi eta Ihabarrera jaitsiko da Olentzero gaurkoan. Ikazkina gurdi bete opari duela 18:30 aldera iritsiko da Arakilgo herrira. Txistuaren doinuekin harrera eginen diote ihabardarrek Olentzerori eta doinu eta kantu artean herrian barna ibiliko dira. Plazan bukatuko dute ibilbidea eta ikazkinak beregana hurbiltzen direnei opariak emanen dizkie. Egiteko hori bukatu eta gero Andiako bidean jarriko da ikazkina. Ihabarko herritarrak, berriz, kontzejuko bajeran bilduko dira gaztainak eta sagardoa dastatzera.IrañetaIlundu eta gero, 18:30 aldera, Andia aldetik jaitsiko da ikazkina Irañetan bere urteroko bisita egiteko. Herri sarreran harrera egin eta gero, kantuak lagun irintarrek herria ezagutzera eramanen dute ikazkina. Kantuan lagun Irañetako abesbatza izanen da. Pilotaleku parean bukatuko da ibilaldia. Olentzerok bere gurdira hurbilaraziko ditu irintarrak eta bakoitzari bere oparia emanen dio. Bere egitekoa egin ondoren, Olentzerok hurrengora arte agurtuko ditu irintarrak. Herrian gelditzen direnak opariez eta mokadu batez gozatzeko aukera izan dute. Uharte ArakilGoizean, herriko haur guztiak bilduta, etxez-etxe paskuan amores eskean ibiliko dira. Jasotakoaren trukean gabon kantak abestuko dituzte haurrek. Arratsaldeko 18:00ak aldera, eguzkia mendi atzean ezkutatzearekin batera, Itxesiatik barna herrira jaitsiko da Olentzero. Harrera beroa eginen diote herritarrek eta jarraian, musikak alaituta, buelta emanen diote herriari. Pilotalekuan bukatuko dute ibilbidea. Bertan, prest izanen dute konpota gozoa. Haurrek akaso nahiago izanen dute ilaran jarri, Olentzerori musu handi bat ematea eta gozokiak jasotzea. Aukera ona izanen dute ikazkinari azken kontuak kontatzeko. ArruazuItur-gain elkarteko gazteak arratsaldeko 6:00ak aldera elkartuko dira Olentzeroren etorrera prestatzeko. Menditik jaitsi eta gero 19:30ean ubeldetik azalduko da Olentzero. Ordurako herriko haurrak zain izaten ditu eliz atarian. Ondoren, oinez kantaka herriari buelta ematen zaio trikitixaren doinuarekin lagunduta, eta 80 urtetik gora duten arbazuarrei opari bana eramaten zaie, baita etxetik ateratzen ez diren gaixoei ere.  Itur-gain elkartean obrak egiten ari direnez, aurten Ostatuan banatuko ditu Olentzerok opariak. Haur bakoitzak bere oparia jasoko du. Bertaratzen direnendako gaztain erreak banatuko dituzte Ostatuan.Lakuntza 18:00-18:30 aldera etortzen da ibai aldetik. Harrera Ludetekan egiten zaio. Elai-Alaiko dantzari eta fanfarrerarekin herriari kalejiran buelta eman, eta Biltokin amaitzen da. Bertan, gaztainak eta txokolatea banatuko dira eta Olentzerok opariak emanen ditu.Arbizu19.00ak aldera arbizuarrak plazan bilduko dira eta musika lagun Loinaz kalerantz joko dute. Izan ere, Olentzerok Aralar aldetik jaitsi eta trenbidea gurutzatu ondoren Arbizura iristeko ohitura du. Hura agurtu ondoren, Musika lagun Arbizun barna ibiliko dira ikazkina eta hura laguntzera doazen herritarrak. Bidean gaztainak dastatzeko aukera ere izanen da. Ibilbidea Argi-bidea elkartean bukatuko da. Han Olentzerok txikienei opariak banatuko dizkie.Dorrao eta Unanu       18:00ak aldera mendia atzean utzi eta San Pedroko bidetik Dorraora jaitsiko da Olentzero. Zain izanen ditu bertan Ergoienako gazte, haur eta helduak. Haien abestu ederrak entzun eta kalejiran etxez etxe ibili eta gero, gazteak lagun dituela, Unanurako bidea hartuko du Olentzeroren gurdiak. Bertan, 19:00etarako zain izanen ditu unanuarrak. Musika lagun dutela, kalez kale ibiliko dira hemen ere. Elkartean emanen diote amaiera ibilbideari. Agurtu aurretik ordea, Olentzerok haurrendako gozokiak banatuko ditu. Lizarraga Lizarragatarrek arratsaldeko 18:00ak aldera eginen diote harrera Olentzerori, eliza atean. Azi-Iturri elkartean ordurako prest edukiko dute ikazkinarendako gurdia. Gauerako indarrak berreskura ditzan, su bero-berorik ez zaio faltako. Trikitixa doinuz lagunduta, herriari buelta emanen diote lizarragatarrek ikazkinaren atzetik. Ohi bezala, gabon kanten artean, etxez etxe eskean ibiliko dira. Behin ibilbidea amaituta, atzera ere, Azi-iturri elkartera itzuliko dira. Bidean Olentzerok botatako gozokiak hartu ez dituenak zer jan ugari izanen du elkartean.Etxarri AranatzGoizean goiz hasiko dute eguna Etxarriko haurrek, pazkoan amores eskean. Arratsaldean, 17:00etan, Aldapasoro auzoko azken muturrean txokolatada izanen dute. Txokolate bero-beroa eskuartean dutela, basora begira egonen dira haurrak, Olentzeroren zain. Aritzalkoko zuhaitzen artetik 17:30 aldera agertuko da Olentzero, bere laguntzaileekin. Herritarrek ahotsek trikitilari eta txistulariekin bat eginda, ikazkinari harrera egin, eta herrirako bidea hartuko dute. Herriari buelta eman ondoren, pilotalekuan sartuko da Olentzeroren gurdia. Bertan ikazkinarekin egoteko aukera izanen dute txikienek. Denendako oparitxoren bat izanen da. BakaikuIkazkinaren zain plazan izanen dira bakaikuarrak 18:00ak aldera. Urbasatik Burundako herrirako bidea Zulanpetik barna hartuko du ikazkinak. Hari harrera egin ondoren Olentzero eta bere segizioa Bakaikun barna ibiliko dira musika doinuak eta kantuak lagun dituztela. Bidean, trenbide ondoko etxeetan, zerbait dastatzeko aukera izanen da, baita ibilbide bukaeran, elkartean auzatea izanen baita. Horren aurretik ikazkinak bere etxerako bidea hartuko du. IturmendiMenditik jaitsi berri, Bakaiku aldetik sartuko da Olentzero Iturmendin. 18:30 aldera iritsiko da eta sorpresaren bat edo beste ekarriko du. Txistulariekin batera herrian barna kantuan ibiliko dira iturmendiarrak. Txikienek Olentzeroren gozokiak hartzeko aukera ez dute galduko. Herriari buelta eman eta gero, pilotalekuan bilduko dira herritarrak. Bertan, intxaurrak eta ardo egosia izanen du nahi duen orok. Olentzero agurtu aurretik, Biltokiko zarea zozketatuko dute. UrdiainGurdiaren gainean beheko basotik herrirako bidea hartu eta 18:00ak aldera iritsiko da Olentzero Urdiainera. Ordurako herriko txistulariak zain izanen ditu herriko bentan. Haien doinu alaiekin, ikazkinaren gurdiak eta Jesus haurraren jaiotza irudikatuko duen gurdiak herriari buelta emanen diote. Bidean gozokiak banatzen joanen da Olentzero. Noiz edo noiz geldialdiak eginen dituzte ikazkinari abesteko, eta herriko plazan dantzara aterako dira herriko txikiak. Eliza atarian estalpea egingo dute, eta Olentzerok azken gozokiak banatuko ditu. Hotza kentzeko, bertan, pikuak eta ardo egosia banatuko dira. Altsasu Goiztiarra izanen da Olentzero Altsasun. 17:00etarako Gure Etxean egonen da Altsasuko haurren gutunak hartzeko prest. 18:00etan plazara aterako da, herriari buelta emateko. Txistulari eta abesbatza lagun dituela, kalejira eginen dute. Bidean geldialdi laburrak eginen dituzte Botika zaharrean eta Aita Barandiaranen parean. Zumalakarregi plazan gurditik jaitsiko da Olentzero eta gertutik ikusteko aukera izanen dute bertan biltzen diren haurrak. Ibilbidean zehar gazta, txorizoa eta ardo egosia banatuko dira, besteak beste. Datorren urtera arte, plazan agurtuko dute ikazkina.  OlaztiArratsaldeko 18:30ean iritsiko da Olentzero Olaztira Aldoiartik. Txistulariekin batera, kantuan, herriko karrikak zeharkatuko ditu kalejiran. Gozoki ugari banatuko ditu ikazkinak bidean. Pilotalekuan bukatuko da ibilbidea. Bertan gaztaina erreak eta ardo egosia banatuko dira olaztiar guztiendako. ZiordiaOlentzero Ziordira etorri aurretik, gaurkoan txikienak etxez etxe kantuan izanen dira. Ikazkina arratsaldean, 18:30ak aldera, Altzania aldetik jaitsiko da Ziordira. Herritarrek trikitixak lagun dituztela harrera egin eta herrian barna eramanen dute, bisitan. Ibilbidea gaztetxean bukatuko da. Han txikienek Olentzerorekin egoteko aukera izanen dute. Pena handiz ikazkina agurtu ondoren ziordiarrak elkartean bilduko dira salda eta txistorra dastatzera.