Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaikako Zabor-bilketan sakontzeko beste urrats bat eman berri du Sakanako Mankomunitateak. Sukaldean ibilitako olioaren bilketari bultzada emanen dion neurri berria martxan da: edukiontzi laranja. Sakanako Mankomunitateko lehendakari Migel Angel Zubiriak eta erakundeko gerente Adolfo Araizek azaldu zutenez, "zerbitzu hau eskaintzen genuen. Baina garbigune mugikorrak ordutegi murriztua zuen eta sakandar guztiek ezin zuten erabili". Hori dela eta, 2007ko maiatzean Altsasun bi edukiontzi jarri zituzten, herritarrek ibilitako olioa utz zezaten. Esperientzia "positiboa" izan zela esan zuten mankomuniteko arduradunek, "2007an 1.155 litro jaso zirelako eta aurten, dagoeneko, 7.890 litro jaso direlako". Emaitza on horiek Sakanako Mankomunitatea sukaldean ibilitako olioaren bilketari bultzada ematera eraman dute. Hala mila biztanle baino gehiago dituzten herrietan olio hori jasotzeko metalezko edukiontzi laranjak jarri dituzte. Edukiontzi gehien, bost, Altsasun daude. Bina Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian eta bana, Arbizun eta Lakuntzan. Etxean ibilitako olioa ongi itxitako plastikozko poto edo botilan sartuta utzi behar da edukiontzietan.Hamahiru edukiontzi horien balioa 10.556 eurokoa da, hau da, 52 zentimo sakandar bakoitzeko. Sakanako Mankomunitateak berak ordaindu du guztia, ez baitu diru-laguntzarik jaso. Datuak Sukaldean ibilitako olioa jasotzeko hiru bide erabiltzen ditu Sakanako Mankomunitateak. Alde batetik, herriz herri dabilen garbigunea. Bestetik, edukiontziak eta, azkenik, Ecogras enpresak jatetxeetatik zuzenean jasotzen duena. Kopuru handiena enpresak biltzen du eta beste biak pareko dabiltza. Aurten dagoeneko 36.790 litro olio jaso dira, iaz baino %20,81 gehiago. Sakanako Mankomunitateko arduradunek agerraldian azpimarratu zuten Ecogras enpresaren zerbitzuarekin "pozik" daudela. Enpresak Sakanan lantegia izatea nabarmendu zuten eta Etxarri Aranatzen egin asmo duen lantegiaren garrantzia., Jakinarazi zutenez, bildutako olioarekin autoendako biodiesel erregaia ekoizten du Ecograsek. OnurakSukaldean ibilitako olioa arraskatik behera botatzea etxeko hoditerian arazoak sortzeaz gain, herriko hoditeria sarean ere sortzen ditu. Olioak, aldi berean, ur araztegien funtzionamendua asko zailtzen du eta haiek lana behar bezala egitea eragozten du.