Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean Nesken Sakanako III. Pala Txapelketa-Ceramica Utzubar Sariko finalak jokatu ziren Etxarri Aranazko Euskal Herriari pilotalekuan. Antolatzaileek egindako deialdiari erantzunda, ikusle asko bildu ziren pilotalekuan, giro ederrean, eta gainera, goi mailako pala ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. "Mutil ugari zeuden ikusleen artean, eta neskek erakutsitako mailarekin harrituta zeuden asko" dio Etxarri Aranazko Gure Pilotako pala irakasle Migel Aristorenak. Finalak "espektakularrak" izan zirela gaineratu du Ansorenak, pilotalekuan jende pila bildu zela eta horregatik guztiagatik "denak pozik" zeudela. Aurten neska palista sakandarrez gain kanpokoak ere lehiatu dira Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatutako txapelketan. 37 bikote aritu dira denera, 20 bikote lehenengo eta bigarren mailan, 7 gazte kategorian eta 10 haurretan. Horretaz gain, Gure Pilota elkarteko pala eskolan 16 biko ari dira ikasten, eta haien artean kimuen mailako txapelketa antolatu zuten. Finalek utzi zutenaOstiralean kimuen mailako finala jokatu zen. Partida oso lehiatua izan zen, Ainhoa eta Iratik (Etxarri Aranatz) 22-21 irabazi baitzieten Garaziri eta Izarri (Etxarri Aranatz). Gainontzeko finalak larunbat goizean erabaki ziren. Haurretan Irati eta Olaia etxarriarrak izan ziren garaile, Iruñeko Haizeari eta Ekiñeri 22-9 irabazi baitzieten, nagusitasun handiz. Gazteetan Amurrioko Maitane eta Leire nagusitu ziren tanto bakar batengatik, 30-29 gailendu baitziren Hernaniko Iratiren eta Amaiaren aurrean. Bigarren mailan Janira eta Saioa Aristorena ahizpa etxarriarrak elkarren kontra aritu ziren, emozioz betetako lehian. Saioak Leitzako Ierarekin osatu zuen bikoa, eta Janirak Eskarozeko Rebecarekin. Azken hauek izan ziren garaile, Iera eta Saioaren aurrean 30-22 nagusituz. Eta bukatzeko, lehen mailan goi mailako final batez gozatzeko aukera izan zuten zaleek. Lizarrako Susanak eta Eulateko Maitek 30-25 irabazi zieten Galdakaoko Patriciari eta Anoetako Maiderri. Maite eta Maider palako munduko txapeldunak dira eta duten maila eman zuten, partida zirraragarri batean. Sari ematearen txanda heldu zen ondoren eta irabazleek txapela eta trofeoa jaso zuten, eta txapeldunordeek trofeoa. Babesleen eskuetatik sari berezia jaso zuten finalista guztiek: Donostiako talasoterapiara joateko gonbita. Antolatzaileendako ere sorpresa bikaina prestatua zuten neska palistek, eta horrela, Aristorenak eta Telletxeak ardo kutxak jaso zituzten opari. "20 urte inguru daramatzagu neskekin lanean, pala bulkatzeko asmoz, eta orain arte inor ez da gutaz gogoratu; neskek egindako opari hau hunkituta jaso genuen, ez genuelako inola ere ez espero" azaldu du Aristorenak. Ondoren, palista eta antolatzaileak, 35 pertsona inguru, Hartzabal elkartean bildu ziren bazkaltzera, primerako giroan. Emakumeen lana ezagutaraziTxapelketaren martxarekin pozik daude antolatzaileak. "Gutxienez jendea enteratu da emakumeak palan aritzen direla, eta oso ongi, gainera" diote. Hemendik aurrera Euskal Herriko txapelketan, Emakume Pilotaria txapelketan, Arabako openean eta beste ariko dira neskak, baina aurrerago beste zeozer antolatzeko asmoa dute Sakanan. "Polita litzateke emakume eta gizonezkoen arteko txapelketa mistoren bat antolatzea. Ea buruari buelta pare bat eman eta zerbait egiten dugun" diote antolatzaileek.