Urteko azken pedalkadak Urbasara

Guaixe 2008ko abenduaren 31

Gaurko, urteko azken egunerako, XXVI. aldiaz, Sociedad Deportiva Alsasuak, Altsasuko Udalaren eta herriko hainbat saltokiren laguntzarekin, San Silvestre txirrindula martxa antolatu du. Proba Altsasuko Iortia enparantzatik abiatuko da 16:15ean, eta helmuga Urbasako Interpretazio Gunea pasatuta izanen du. Lehenik eta behin Altsasuko herrian buelta egin eta gero, Olaztira joko dute txirrindulariek, bertatik Urbasara igotzeko. Txirrindularien tropela ur saltora arte bateratua joanen da, baina han, ohi bezala, lehiaketa hasiko da, Urbasako Interpretazio Gunera bitartean zeinek portua azkarrago igo. Helmugan salda beroa dastatzeko aukera izanen da. Proba bukatu ostean, arratsaldeko 18:00ean izanen da oroigarri eta sari banaketa Altsasuko Akelarre tabernan. Parte hartzaile guztiek trofeoa jasoko dute. Probarako izena eman ahal izateko 8 euro ordaindu beharko dituzte federatu gabeko txirrindulariek eta 6 euro federatuek. Iortia plazako Romero tabernan eman behar da izena. Informazio gehiago behar duenak, S.D. Alsasuaren egoitzara jo dezake edota Altsasuko Zornoza Autoeskolara. Era berean, informazio telefono bat ere bada, 948 467 361 (Luis) zenbakia hain zuzen. Burunda Mendi Txirrindularitza taldeko urteko lehen irteerakBestalde, Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Sailak jada prestatu du 2009. urterako mendiko txirrindularekin edo BTT delakoarekin egiteko txangoen egutegia. Iganderoko hitzorduak finkatu dituzte. Horietako lehena, ilbeltzaren 4rako prestatu dute. Urteko lehen ibilaldia egiteko goizeko 9:00etan jarri dute hitzordua Altsasuko Zumalakarregi plazan, bertatik Irañetako ur sorburura joateko eta atzera ere Altsasura itzultzeko. 55 km-ko ibilbidea izanen da. Bigarren irteera ilbeltzaren 11n eginen dute; Zumalakarregi plazatik 8:30ean abiatuta Eulateko gainera joan-etorria eginen dute, guztira 53 km osatuz.