Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herriko beste zenbait herritan bezala, Olaztin eta Altsasun ere batek baino gehiagok korrika amaituko du urtea. San Silvestre eguneko lasterketetan bilduko dira korrikalariak. 3. hamarkada beteko duen urtean, nobedadeekin dator Altsasuko lasterketa. Olaztikoak, berriz, VIII. edizioan, aurreko urteetako bidetik jarraituko du. Altsasun, Mario MemorialaUrteko azken egunarekin batera, gaur iluntzean San Silvestre lasterketa eginen da Altsasuko kaleetan. Mario Lopez de Uralderen omenezko lasterketak nobedadeak ekarriko ditu aurtengoan: 30 urteren ondoren, Dantzaleku-Sakana elkartea eta Beriain-Sakana triatloi taldea arduratuko dira lasterketa antolatzeaz, Lagun Onak taldeari lekukoa hartuta. Antolatzaileek Mario Memorial izendatu dute lasterketa, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalariaren omenez. Urtetan epaile izan den Gerardo Abanses ere gogoan izanen dute. Arratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Benjaminek, kimuek, haurrek eta kadeteek ibilaldi berria mustuko dute, herriko plazan. Gazteendako sariak banatu eta gero, 6:45 aldera, lore sorta eta plaka bana emanen zaie Mario Lopez de Uralde eta Gerardo Abansesen familiei. 19:00etan emanen diote hasiera proba nagusiari. Korrikalariek 5.250 metroko lasterketa egin beharko dute, herrian markatutako zirkuituari 3 buelta emanda. Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarriaAltsasuko San Silvestre lasterketak erabakiko du Sakanako IV. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria. IV. Aitzkozar Herri Krosarekin maiatzaren 17an mustu zuten korrikalari sakandarrek Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu eta Lasa Kirolak dendak babesten duen koparako sailkapena. Orduz geroztik Ergoienako IV. Biran, Lakuntzako XII. Herri Lasterketan eta Sakanako VII. Herri Lasterketan batu dituzte puntuak. Koparako hautagai izateko beharrezkoa da gutxienez 5 lasterketa horietako 4tan parte hartzea. Lasterketa bakoitzean lehenengo 10 neska eta mutiko sakandarrek jasotzen dituzte puntuak. Gaur gaurkoan, Altsasuko San Silvestreko lasterketa egin aurretik, horrela dago sailkapena: Fco. Javier Gomez altsasuarra da lehen gizonezkoa, 38 punturekin; gertu gertutik jarraitzen dio Antton Zelaia urdiaindarrak, 36 punturekin; distantziara, Juantxo Arregi altsasuarra da hirugarrena, 25 punturekin. Nuria Ongai satrustegiarra da nesken sailkapen burua, 40 punturekin; Jone Pelaez altsasuarra du atzetik, 35 punturekin; eta Belen Mendoza arbizuarra da hirugarrena, 15 punturekin. OlatzagutianGaur arratsaldean, Olatzagutian, San Silvestre lasterketaren VIII. edizioa jokatuko da herriko Intsumisio enparantzatik abiatuta. Sutegi elkarteak antolatu du lasterketa. Hiru mailatan banatuta egingo dute laster korrikalariek. 4-5 urte bitarteko txikiek emanen diote hasiera probari, 18:00etan. Horiek zirkuitu txikiari bira bat eman beharko diote. Ondoren, 7-12 urte bitartekoek buelta handiagoa eginen dute. Segidan, 15 urtetik aurreragoko gaztetxoek helduekin batera eginen dute korrika, proba nagusian, baina helduek zirkuitu handiari lau buelta eman eta 4.800 metro osatzen dituzten bitartean, 15 urtetik gorakoek zirkuitu handiari buelta bakarra emanen diote. Korrikalari nagusientzat garaikurrak banatuko dira. Txikienek, berriz, opariak jasoko dituzte oroigarri gisa. Proban parte hartu eta izena emateko, lasterketa baino lehen irteeran jarritako mahaitik pasa beharko da.