Urteari akabera eta ongi etorria mendian

Guaixe 2008ko abenduaren 31

Urtea despeditzeko modu asko dago. Akaso modu ezagunena urtea korrika despeditzea da, munduan barna toki askotan ospatzen baitira San Silvestre lasterketak, tartean Altsasun eta Olaztin. Beste batzuek bizikletan agurtzen dute urtea, Altsasu-Urbasa txirrindula lasterketa lekuko. Eta jakina da mendizaleek mendira jotzen dutela egun seinalatu hauetan. Esaterako gaur, urtearen azken egunean, mendizale mordoa bilduko da Aizkorrin. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak bat egin du deialdi horrekin eta gaur irteera eginen du Aizkorrira. Bestalde, Irurtzungo Iratxo elkarteak hirugarrenez Ergako igoera antolatu du gaurko egunarekin, urteko azken egunean, alegia. Goizeko 9:00etan aterako dira Iratxo elkartetik, eta aurreikusten da goizeko 11:00ak aldera gosalduko dutela Ergako aterpean. Dastatuko duten urdaia eta txistorra Iratxoren kontura izanen dira. Aipatzekoa da ere urteari ongi etorria emateko ilbeltzaren 1ean mendizale askok joko dutela Aralarko San Migelera. Eta bukatzeko, ilbeltzaren 6an, Errege egunean, Sakanako mendizale guztiek Beriaingo San Donato izango dute bilgune, urtea ongi hasteko.