Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzun Berrikuntzak izanen dira aurtengo errege segizioan. Lehenengo eta behin ibilbidean, lanek ohikoa aldarazi dutelako. Bestetik, ekialdeko magoendako gurdi berria prestatu du kabalgatako batzordeak. Harekin batera, oparien gurdia ere joanen da. Astelehenean, 18:30 aldera espero dituzte errege magoak Irurtzunen. Andia karrikatik sartuko dira, gero Lizarra, San Martin, Bi Aizpe eta Elizpea kaleetan barna joanen dira elizaraino. Bidean goxokiak eta agurrak banatuko dituzte. Magoei ongi etorria eginen diete haurrek, haiei zuzendutako gutuna irakurriz. Ondoren txikienek erregeekin egoteko aukera izanen dute eta haien eskuetatik gozoak jasotzeko aukera izanen dute. Uharte Arakil18:30ak aldera iritsiko da erregeen segizioa Uhartera. Geltoki auzotik sartuko dira herrira ekialdeko magoak. Haiek segizioko bigarren gurdian joanen dira. Bidea zabalduko duen gurdian Ama Birjina, Jose eta Jesus haurra joanen dira eta, haien aldamenean, heldu den urtean jaunartzea eginen duten haurrak joanen dira, aingerutxoz jantziak. Geltoki auzotik, segizioa Itxesia auzora joanen da eta handik bueltan herrian barna ibiliko da. Bidean magoek goxokiak banatuko dituzte. 19:30 aldera segizioa elizara iritsi eta han bildutakoei zuzenduko zaizkie erregeak. Eskuzabalak ere izanen dira eta goxokiak banatuko dituzte. Hangoa bukatu eta gero, bilkura horretara joaterik izan ez duten adinduak bisitatuko dituzte ekialdeko maiestateek. Lakuntza"Logistika arazoek" ez dute utzi aurten kabalgata behar bezala prestatzen, eta heldu den urterako guztia egokitzen pentsatzen hasiak dira. Hala ere, errege magoek behar bezalako harrera izanen dute Lakuntzan astelehenean. 19:30ean espero dituzte. Ekialdeko magoak; elizako estalpean egonen den jaiotzara hurbilduko dira, Jesus haurtxoa gurtzera. Haren familiarekin batera haur kantariak izanen dira. Jaiotza bera, ohi baino ikusgarriagoa izanen dela aurreratu digute. Jesus haurra gurtu ondoren, magoak elizan sartu eta bildutakoek hitz batzuk zuzenduko dizkiete. Horren ondoren Lakuntzako txikiek erregeen eskuetatik opariak jasoko dituzte. ArbizuEkialdeko magoak 18:00ak aldera agertuko dira Arbizuko plazan astelehenean. Musika lagun, herrian barna ibiliko da erregeen segizioa, ekialdeko magoak Arbizura iritsi direla iragartzen. Ibilbidea elizan bukatuko dute, 19:30 aldera. Meza ondoren guztiak elizara sartuko dira eta ekialdetik etorritako magoak bildutako guztiei zuzenduko zaizkie. Ebanjelioaren pasarte bat ere irakurriko dute. Azkenik, bukatutakoan haurrak erregeengana hurbildu eta opariak jasoko dituzte. ErgoienaEkialdeko magoak 18:00etan dira agertzekoak astelehenean Lizarragan. Gurdian, haiekin batera, Ama Birjina, Jose eta Jesus haurra joanen dira. Lizarragako herritarren kantu eta musika doinuen artean herrian barna ibiliko da errege segizioa. Erregeek Lizarraga bisitatu ondoren Dorraoko bidea hartuko dute. Dorrobarrek segizioari harrera eginen diote. Herrian barna ibili ondoren, plazan goxokiak banatuko dituzte erregeek. Musikak jendea dantzan jarriko du. Kantuan ere ariko dira. Dorraoko egonaldia Itur-aldea elkartean bukatuko dute, mahaiaren inguruan. Dorraoren ondoren erregeek Unanu bisitatuko dute. Plazan ere geldialdia eginen dute goxokiak banatu, eta unanuarrak kantuan entzun eta dantzan ikusteko. Jan-edana ere ez da faltako. Erregeen segizioak bere ibilbidea Lizarragako elkartean bukatuko du. Mahai inguruan afaltzera bilduko dira erregeak, haurrak eta haien gurasoak. Hurrengo egunean erregeak mezara joanen dira. Gaixoak ere bisitatuko dituzte. Etxarri Aranatz Arratsaldeko 19:00etan aterako dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Etxarri Aranazko elizatik. Ordurako eliz atean prest izanen dituzte gurdiak. Hiru Erregeak batean eta Jesus haurtxoa, Maria eta Jose bestean, buelta emanen diote herriko alde zaharrari. Nahiko lan izanen dute haurrek Erregeak agurtu nahian eta jaiotzako axuria laztandu gogoz. Musikarekin batera, Meltxor, Gaspar eta Baltasar kultur etxean sartuko dira. Bertan haien mezua zabalduko diete etxarriar guztiei. Haurrek opariak eskatu eta musutxoa emateko aukera izanen dute eta goxokiak jasoko dituzte. Kantuz agurtuko dituzte Errege Magoak. Ilbeltzaren 5ean Errege kabalgata ikusterik izan ez duenak aukera izanen du hurrengo egunean, asteartean, 12:00etan, Erregeak meza nagusira joanen baitira. Meza akatuta, Jesus haurtxoa gurtu ondoren, atzera ere, goxokiak banatuko dituzte Erregeek. BakaikuBakaikuko haurrek errege magoei idatzitako gutunak larunbatean emanen dizkiete erregeen laguntzaileei. Hitzordua 18:30ean dago jarrita dago, elizan. Bi egun geroago sartuko da segizioa Bakaikun. Beheko basotik sartuko dira segizioa osatzen duten hiru gurdiak. Batean jaiotza doa, bestean erregeak eta, azkenekoan, opariak. Akordeoilarien doinuak lagun, Bakaikun barna ibiliko dira. Ibilbidea elizan bukatuko da eta erregeek han opariak banatuko dituzte. IturmendiErregeak herriaz ez "ahazteko" edo, astelehen arratsaldean haurrak faleekin herrian barna ibiliko dira soinua ateratzen. 16:00ak aldera aterako dira. Ondoren txokolatea dastatu eta film bat ikusteko aukera izanen dute. Erregeak eramaten dituen gurdia 18:30ean sartuko da beheko basotik Iturmendira. Herrian barnako ibilbidean adinekoen egoitzan eta eliz atean izanen den jaiotzan geldialdi bana eginen dute. Lehenengoan egoitzan daudenak agurtuko dituzte eta jaiotzan Jesus haurra gurtuko dute. Erregeen ibilbidea pilotalekuan bukatuko da. Han txikienei goxokiak banatuko dizkiete. Helduendako jan-edana izanen da. AltsasuLarunbatean, ekialdeko magoak etorri aurretik, errege-morroiak Altsasun bisitan izanen dira Altsasuko haurren gutunak jasotzeko. Hitzordua 19:00etan dago jarrita. Ekitaldi horretan, gainera, kabalgata eta pajeen egunaren aldeko taldeak antolatutako marrazki lehiaketako sari banaketa eginen da. Ilbeltzaren 5ean, 18:30ean Foruen plazan dago hitzordua jarrita. Bildutako haurren artean opilak banatu eta bere opilean sorpresa opatzen duen haurra izendatuko dute fale-joleen errege. Haren eta gainontzeko fale-joleen ardura izanen da erregeak herrian barna gidatzea. 19:30 aldera iritsiko da erregeen segizioa Altsasura. Lanbide Heziketako institutu aldetik sartu eta herrian barnako bisita eginen dute erregeek eta haien laguntzaileek, bidean makina bat goxoki banatuz. Ibilbideak Zumalakarregi plazan geldialdia egitera eramanen ditu. Magoek Herodesi kontuak eskatuko dizkiote han eta txikienak haiengana hurbiltzeko aukera izanen dute. Kalez kale ibilitako segizioa baino txikiagoa izanen da errege magoak Aita Barandiaran erresidentziara eta Josefina Arregi zentrora eramanen dituena. Olazti Ekialde Urruna atzean utzita, Errege Magoak 18:00 aldera iritsiko dira Olaztira. Gurdi banatan igota, Ikastolen parketik aterako dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Hiru erregeek herriko kaleak bisitatuko dituzte, morroi eta suzi eramaileak lagun dituztela. Haurren laguntzarik ere ez dute faltan izango. Pilotalekuan amaituko dute ibilbidea. Bertan Olaztiko haurrek erregeengana gerturatzeko aukera izanen dute. Bezperan, ilbeltzaren 4an, 18:30ean, erregeen pajeek haurren gutunak jasoko dituzte herriko kultur etxean. Orduan erregeei mezua bidaltzerik izan ez zuenak, aukera ona izanen du pilotalekuan. Otamen gozoarekin agurtuko dituzte Erregeak. Ziordia Olazti aldetik iritsiko dira Erregeak Ziordira. Gameluak atseden hartzen utzi, eta 18:30ak aldera gurdi gainera igoko dira herriari buelta emateko. Trikitixa doinuen laguntzarekin, gazteen suziek herriko elizaraino gidatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Jesus haurtxoa gurtuko dute bertan. Ondoren, haurrek Erregeekin egoteko aukera izanen dute: gutunak irakurri, musutxoak eman eta, gaueko oparien aurrekari, goxokiren bat edo beste jasoko dute. Elizatik aterata, Erregeek eta ziordiarrek mojen etxerako bidea hartuko dute. Bertako gaixoak bisitatu eta datorren urtera arte agurtuko dituzte Erregeak.