Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntza, Arbizu eta Altsasuko Udalek onartu berri dute EAE-ANV-k aurkeztutako mozioa, toki entitateen finantziazio ereduaren aldaketa eskatzen duena, besteak beste. Gaur egun egitasmoetarako diru-laguntzak ematen ditu Nafarroako Gobernuak. Onartutako mozioan udalek eskatu dute "udal eta mankomunitateei haien politika eta inbertsioei buruz erabakitzeko" ahalmena eta "gaitasun ekonomiko nahikoa" emanen dien finantziazio sistema. Gobernuak zergen bidez jasotakotik toki entitateen funtsera jasotakoaren "gutxienez %25" bideratzea eskatu dute udalek. Beste eskaera bat ere egin diote udalek Nafarroako Gobernuari: "eskumenen deszentralizazio handiagoa izan dadin toki entitateen mesedetan, eta finantzazio kontu-sailak handitzea, batik bat gizarte gaiei dagozkienak: gizarte zerbitzuak, hezkuntza..." Lakuntzan eta Arbizun aho batez onartu zen mozioa. Altsasun ekintzaileen eta NaBairen bozekin. IU-EB abstenitu egin zen eta PSN-k eta UPN-k kontrako botoa eman zuten.