Sakanako belenzaleak Iruñeko topaketan

Guaixe 2008ko abenduaren 30a

Igandean Iruñeak hainbat erkidegotako belenzaleen topaketa hartu zuen. Iruñera joan ziren Miranda de Ebro, Gasteiz, Logroño, Bilbo, Donostia eta Nafarroako hainbat elkartetako kideak. Guztiak, 230etik gora, hamaiketan bildu ziren eta Iruñeko belenzaleen elkarteko ordezkariak gidatuta hiriburuan barna banatuak dauden jaiotzak bisitatzeko aukera izan zuten. Iruñean izan ziren ere Sakanako Belenzaleen Elkarteko zuzendaritzako lau kide. Topaketa anaitasun bazkariarekin bukatu zen. Etxerako bidean, belenzale ugarik Olatzagutian geldialdia egin zuten. Hainbeste zirenez jendeak kalean itxaron behar izan zuen. Sakandarren jaiotza erakusketa ederrarekin gozatu ederra hartu zuten guztiek ere. Sakandarrek azaldu zietenez "guztia dedikazioan dago oinarrituta". Sakanako Belenzaleen Elkartearen erakusketa ilbeltzaren 6ra arte dago ikusgai, Olatzagutiako garai bateko mediku kontsultategian, jubilatu elkartearen ondoan. Astegun eta larunbatetan 18:00etatik 20:00etara eta domeka eta jaiegunetan 13:00etatik 14:30era eta 17:30etik 20:00etara ikusgai daude hamar dioramak eta lau arketak. Elkartearen egoitzaz gain, Sakanako Belenzaleen Elkartearen jaiotzak Olatzagutiako elizan, Aralarko Santutegian, Agurainen, Tuteran, Madrilen eta Malagako Velez Rubion ikusgai izanen dira eguberri hauetan.