Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jon Barbarinek ez du aurkezpenik behar gurean. Irurtzungo erraldoiez inguratua ikusi genuen udan eta orain gutxi izan genuen Beleixe irratian, Iharbargo herritarrekin batera egitera zihoan antzezlana zela eta. Aste honetan ere berriekin dator Arakilen bizi den antzezlea: Locus desertus bakarkako lana estreinatuko du bihar, 20:00etan, Irurtzungo kultur etxean, Mercedes Castañoren zuzendaritzapean. Basamortu bakartian dantzanBasamortuko lekua. Horixe da Locus desertus-en esanahia. Izenburu hori aukeratu dute Jon Barbarinek eta Mercedes Castañok lanarendako, "basamortuak bakardadea iradokitzen duelako eta latinezko izenburuak eromena ere burura dakarrelako". Ia testurik gabeko antzezlanean, ama eta seme-alaben arteko erlazioaz ariko da Jon Barbarin. Ez da istorio logikorik, baina Jon Barbarinek sentimen mordoa transmitituko ditu bere bi pasioak, dantza eta antzerkia uztartuta. "Gorputzak hitz eginen du" dio Jonek, "eta ikusleak sentsazio asko biziko ditu". Lan gogorraren fruituaAspaldiko lagunak dira Locus desertus laneko protagonista eta zuzendaria, urteak daramatzate elkarrekin lanean. "Oso historia pertsonala kontatzen dut antzezlanean eta konfiantzazko norbait behar nuen zuzendari lanetarako" azaldu du Jonek Beleixe irratian egindako adierazpenetan, "horregatik eskatu nion Mercedesi zuzendari lanek egiteko".Gogotik lan egin behar izan dute bi lagunek Locus desertus lana estreinatu ahal izateko. Udan buruan zuen ideiaren forma ematen hasi zen Jon Barbarin. Bakarkako lan serioaren ondoren, Mercedes Castañosen zuzendaritzapean borobildu du lana azken hilabeteetan. Eginbeharrak ez dira hor amaitu, produkzio lanak ere egin behar izan dituzte eta: eszenografia, publizitatea... "Erronka bat izan da niretako, baina aldi berean plazer bat" esan digu Jonek, "Prozesu luzea eta gogorra du atzean. Estreinaldia iristeko gogotan nago". Irurtzungo kultur etxean sortu da Locus desertus eta bertan mustuko dute antzezlana bihar. Eta estreinaldiarekin batera, ibilbide berria hasiko dute Jonek eta Mercedesek, eszenatokiz eszenatoki batetik bestera eramango dituen ibilbidea.