Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gabonetako atsedenaldiaren ondoren, asteburuan Erregional mailako 14. jardunaldia jokatu zen. Etxarri Aranatzek Tiebasen jokatu zuen, Castillo de Tiebasen kontra. Hotza zen nagusi Tiebasen, eta egia esan, partida nahiko aspergarria izan zen. Hasieran etxekoak izan ziren zeozer gailendu zirenak, baina Tiebaseko atezainak penalty argi bat egin zuen etxarriarren kontra eta hor aldatu ziren gauzak, Etxarriko Lakuntzak penaltya ez baitzuen huts egin. Bigarren zatian zelai erdian gauzatu zen jokoa nagusiki, baina etxarriarrek gol aukerak gauzatzen zituzten bitartean, Tiebasekoak ez ziren kontrako atean asmatzeko gauza izan. Goikoetxeak, Mikelek eta Ruedak sartu zituzten etxarriarren hurrengo golak, eta bukaeran 0-4 irabazi zuten. Bestalde, Altsasuk eta Idoiak Dantzalekun jokatu beharreko lehia atzeratu egin zen. Gauzak horrela, Erregional mailako III. Multzoko liderra Gazte Berriak taldea da, 35 punturekin. Etxarri Aranatz hirugarrena da, 27 punturekin, eta Altsasu zazpigarrena, 19 punturekin. Asteburuan 15. jardunaldia dago jokoan, eta jardunaldi berezia izango da, Sakanako bi taldeen arteko derbya jokatuko baita larunbat arratsaldean Etxarrin. Etxarrik goiko postuak bereganatzeko borroka gogorra eginen du, eta etxean jokatzen duela bere alde probestu nahiko du. Altsasuarrak ere denboraldi ona egiten ari dira eta ez dizkiote gauzak batere erraztuko etxarriarrei. Emozioz betetako partidan ea nork eramaten dituen jokoan dauden hiru puntuak.