Jardunaldi borobila

Guaixe 2009ko urtarrilaren 13a

Asteburuan Estatuko B mailako areto futbol jardunaldia jokatu zen, Gabonetako oporrak eta gero. Egia esan, urtea primeran hasi dute bertan lehiatzen diren Uharte Arakilgo Aralar Mendik eta Irurtzungo Xotak, biek garaipen handia lortu baitzuten. Aralar Mendik 5-8 irabazi zion Viaria taldeari, gol festa ederra ospatuz, eta Xotak etxean jokatu zuen, Castejonen kontra 4-2 irabaziz. Gauzak horrela, RVC taldeak jarraitzen du lidergoan, 28 punturekin. Aralar Mendik gertutik jarraitzen du liderra, bigarrena baita, puntu bat gutxiagorekin (27 puntu). Xotak sailkapenean gora egin du eta bosgarrena da, 19 punturekin. Larunbatean Aralar Mendik Uharte Arakilgo Larrabieta kiroldegian jokatuko du, sailkapenean 12 punturekin hamargarrena den Nordecons Olite taldearen kontra. Ea bide onari eutsi, puntuak pilatu eta lidergoa eskuratzerik duen. Bestalde, Xotak Iruñean jokatuko du, sailkapenean 4 punturekin azkena den UPNA taldearen kontra. Printzipioz irurtzundarrek ez lukete aparteko arazorik izan behar UPNA menpean hartzeko, baina azken postua atzean uzteko puntuak pilatzea derrigor du UPNAk eta duen guztia emango du.