Gizonezkoen Sakanako XX. Pala Txapelketan izena ematea zabalik

Guaixe 2009ko urtarrilaren 14a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Gure Pilota taldearen laguntzarekin, Gizonezkoen Sakanako XX. Pala Txapelketa antolatu du. Txapelketan parte hartu nahi duten bikoteek ilbeltzaren 19a dute izena emateko azken eguna. Txapelketan apuntatzeko Etxarri Aranatz aldekoek Migel Aristorenari hots egin beharko diote (948 56 70 86), Irurtzun aldekoek Josu Alegreri (948 600 488) eta Olatzagutia aldekoek Fermin Zornozari (661 613 982). Nolanahi ere, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866) informazio guztia jaso daiteke. Izena ematerakoan bigarren mailan ariko diren bikoteek 23 euro ordaindu beharko dituzte eta lehen mailan ariko direnak 28,5 euro. Mutilen pala txapelketa Etxarri Aranatz, Irurtzun eta Olatzagutiako pilotalekuetan jokatuko da, eta aipatu txapelketa ilbeltzaren 23-24-25eko asteburu horretan hasiko da. Irurtzunen larunbat arratsaldeetan jokatuko dira partidak, Etxarri Aranatzen ostiral iluntzeetan, larunbatetan eta igande goizetan, eta Olatzagutian ostiraletan eta larunbatetan.