Aldabidek Ilunpe taldea izango du arerio gaur Arbizun

Guaixe 2009ko urtarrilaren 16a

Aurreko asteburuan abiatu zen VI. Berria pilota txapelketa, bi norgehiagoka gogorrekin: Lizarrako San Migelek ondo kostata kanporatu zuen Baztango Erreka, eta Arrasatek lan handia egin behar izan zuen ere Baztango Txaruta menpean hartzeko. VI. Berria Txapelketan Euskal Herri osoko 24 pilota elkartek hartuko dute parte, tartean bi talde sakandarrek: Irurtzunek eta Arbizuko Aldabidek. Txapelketak 12 aste iraungo ditu eta finala martxoko azken asteburuan jokatuko da. Txapelketaren antolatzaileak Berria, EKT, Hernani eta Aurrera Saiaz dira. Helburua, pilota bulkatzeaz gain, nazio osoko pilota elkarteak biltzea da. Urtetik urtera hazten ari den txapelketa honetan Gipuzkoako 8 talde ariko dira, Nafarroako 7, Bizkaiko 6, Arabako 2 eta Iparraldeko 1. Bi partida irabazten dituenak eginen du aurreraLehiaketaren nondik norakoei dagokienez, talde bakoitzean kadeteak, gazteak eta seniorrak ariko dira lehian, binaka. Kanporaketa sisteman jokatuko da lehiaketa, orain arte moduan, baina aldaketa garrantzitsu bat izanen da: zein elkartek aurrera egingo duen erabakitzeko ez da kontuan hartuko tanto kopurua; bi partida irabazten dituenak jarraituko du txapelketan. Nonbait, lehengo sistemarekin partidak ez galtzera ateratzen zen jendea, bereziki kadeteetan, ikuskizunaren kaltetan, eta horregatik aldatu dute. Gaur Aldabide-IlunpeArbizuko Aldabide taldea gaur sartuko da lehian, ilbeltzaren 16an, Ilunpe taldearen kontra. Partidak arratsaldean jokatuko dira, Arbizuko kiroldegian. Txapelketan aurrera egiteko irabazi beharrean dago Aldabide, eta ea hala den. Bestalde, Irurtzun taldea ilbeltzaren azken asteburuan hasiko da txapelketan, aurkari arabarren aurka: Txukun Lakua.