Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako AHT gelditu! Elkarlanak bilkura deitu du gaurko. Altsasuko udaletxearen aurrean izanen da, 20:00etan. Eskualde mailako bilkura horren leloa AHT gelditzera goaz izanen da. Bilkura horrekin Sakanako AHT gelditu! Elkarlanak Hego Euskal Herriko gobernuek "abiadura handiko trenaren (AHT) egitasmoa inposatzen ari direla" salatu du. Aldi berean, gobernuek egitasmoa "informaziorik eta parte hartze biderik zabaldu gabe aurrera eramaten ari direla" nabarmendu du elkarlanak. Agintarien "manipulazioa eta kontraesanak" salatzearekin batera, Sakanako AHT gelditu! Elkarlanak "irmoki salatu du AHT-rekin egiten ari den baliabide publikoen xahutze handia". Guztiagatik gaurko Altsasuko bilkuran eta larunbatean Urbinan izanen den manifestazioan parte hartzera deitu du. Arabako herriko manifestaziora joateko autobusak antolatu ditu Sakanako AHT gelditu! Elkarlanak eta haietan izena emateko epea gaur despedituko da. OlatzagutiaSakanako AHT gelditu! Elkarlanak Olatzagutiako Udalarekin batera abiadura handiko trenaren inguruan bi hitzaldi antolatu dituzte. Hitzaldi horien bidez bi erakundeek tren azkarraren egitasmoa zertan den, Olatzagutian izan dezakeen eragina eta AHT-ren eragin ekonomiko, sozial eta ingurumenekoen inguruan informazioa ematea da. Aurreneko hitzaldia ostiralean izanen da, 20:00etan, San Migel elkartean. Hurrengo ostegunean, berriz, Kamiogaina jubilatu elkarteak hartuko du AHT-ri buruzko hitzaldia. Biak saioak 20:00etan hasiko dira.