Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko enplegu bulegoan abendu akaberan azaro bukaeran baino 56 langabetu gehiago zeuden izena emanda. 2008ko azken hilabetean Altsasuko enplegu bulegoaren bidez lan bila zeuden sakandarren kopurua % 8,37 igo zen, 725 langabetuen kopurura iritsiz. Hala eman du jakitera Nafarroako Enplegu Zerbitzuak. Iazko datuekin alderatuz gero 178 pertsona gehiago daude lan bila momentu honetan. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zabaldu duenez, Altsasuko bulegoan izena emanda dauden langabe gehienak emakumeak dira, 424. Gainontzeko 301 lan eskaerak gizonek egin dituzte. Adinari erreparatuz gero 114 lan eskatzailek 25 urte baino gutxiago dituzte (71 gizon eta 43 emakume). 25 urtetik gora duten langabetuen kopurua 611koa da (381 emakume eta 230 gizon). Bost gazte gehiago eta 51 heldu gehiago dira. SektorekaNafarroako Enplegu Zerbitzuaren datuen arabera Altsasuko bulegoan izena eman duten langabetu gehienak, 389k, zerbitzuen sektorean lan egin nahiko lukete (+18). Industrian lan eginen luketenak 231 dira, aurreko hilean baino 39 gehiago. Eraikuntza arloan lan egiteko prest 56 pertsona azaldu dira (+5). Abeltzaintzan lanean aritzeko prestutasuna azaldu dutenen asmoa bere horretan mantendu da, 18an. Azkenik, 6 pertsona gutxiago daude aurretik lan egin ez dutenen eta lan bila daudenen zerrendan, 31 guztira. Altsasuko enplegu bulegoaren bidez pasa den hilean 273 kontratu itxi ziren. Haietatik 21 besterik ez ziren mugagabekoak. NafarroaHerrialdeari dagokionez, abendu bukaeran 32.956 langabe zeuden, azaro akaberan baino 2.788 gehiago. Bestela esanda, abenduan Nafarroan langabezia %9,24 igo zen. Iazko azken hiru hilabeteetan langabezia Nafarroan %9tik gora igo da hilero. Langabe nafarren sexuari dagokionez, abendu bukaeran 16.294 emakumezko (azaroan baino %3,35 gehiago) eta 16.662 gizonezko (azaroan baino %15,32 gehiago) ziren. Jose Mari Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak azaldu zuenez langabetu nafarraren profila "gizonezkoa, 25 eta 40 urte artekoa, etorkina, eraikuntzaren sektorekoa eta prestakuntza maila txikikoa da".